GARA > Idatzia > Kultura

Fermin Muguruzak hurbil sentitu ditu Europa ekialdeko filmak

M. I - O. L | DONOSTIA

Zuzendari Berrien saileko epaileei izugarri gustatu zaizkie aurkeztutako lanak. Halaxe azaldu zion GARAri kideetako batek, Fermin Muguruzak. «Oso-oso begirada ezberdinak erakutsi dituzte, sekulako bidaia eginarazi digute, Txinako herri txiki batetik Argentinako Patagoniara, Ekialdeko herrialde asko, Euskal Herria... Zoragarria izan da zuzendari berrien begiradetatik horren toki ezberdinetako istorioak ezagutzea, baita epaimahaikideak oso-oso giro ezberdinetatik etorritakoak izatea ere», adierazi zuen.

Fermin Muguruza bera musikaria da, Marc Levy idazlea eta Elisabet Cabeza kazetaria; Hans Petter, epaimahaiko burua, norvegiarra da eta Albertina Carri argentinarra. Normala, beraz, eztabaida interesgarriak sortzea.

Elkarrekin gosaltzen zuten, zinera elkarrekin joan, elkarrekin bazkaldu, afaltzeko denborarik ez zuten eta pintxo batzuk jaten zituzten tabernetan. «Hasieratik harreman bikaina eduki dugunez, pelikula eta gero eztabaidatxo bat egoten zen beti gure artean. Bakoitzari zer zinema interesatzen zaion azaltzen genuen, zer zinemarekin identifikatzen den... Eta pelikula batzuk gehiegi gustatu ez arren, konturatzen ginen bakoitzean bazegoela zerbait benetan guretzat har genezakeena. Niri pelikula gehienekin gelditu zait arrasto bat, irudi bat. Pentsa zer aberasgarria».

Ferminek bereziki hurbil sentitu ditu Europa ekialdeko pelikulak. Hiru zituzten, bulgariarra bat, bestea poloniarra eta azkena errumaniarra, eta gauzak ikusteko beste modu bat deskubritu du, gertukoa aldi berean. Halere, aitortu zigunez, «Nothing's All Bad» daniarra zen bere faboritoa.

«Los Colores de la Montaña» da epaimahaiak saritutako filmetako bat. Bertako ekoizleak, Juan Pablo Tamayok, negar batean azaldu zion bere poza GARAri, sariaren berri jaso ostean. «Oso hunkituta nago, Kolonbiako pelikula batek inoiz irabazi duen saririk garrantzitsuena delako hau. Oso harro gaude», adierazi zuen hunkituta zuzendari kolonbiarrak.

Tamayoren iritziz, sari honek lan handia egiten duen zuzendari baten lanari, Carlos Cesar Arbelaezen ahaleginari, egiten dio aitorpena. «Indar, gogo, ilusio eta borondate handia jarri genuen pelikula egiteko eta benetan pozik gaude».

«Bizitza guztian ikasi dut apaiz espainiarrekin eta kontu asko entzun dut Donostiari buruz, baita jaialdiari berari buruz ere. Guretzat ezustekoa izan zen Zabaltegiko Zuzendari Berrien sailerako aukeratuak izatea; pentsa, beraz, irabaztea zer den». Film hau Arbelaezek zuzendu duen lehenbizikoa da, baita Tamayok ekoitzi duen aurrenekoa ere, eta sari honek bien karrerei bultzada handia emanen diela pentsatzen du. Izugarrizko animoa eman die hain maite duten arte honetan lanean jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo