GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ri elkarrizketa

«Eman ditzagun urratsak denok prozesuak behar duen ‘nahikotasun demokratikoa’ eraikitzeko»

p002_f01.jpg

Josu JUARISTI

Zergatik eta zertarako hartu zuen ETAk «eraso ekintza armatuak» gelditzeko erabakia?

Erabakia askapen borrokak urte luzeetan eskuratu dituen lorpenen lurzoruan kokatzen da. Euskal Herriaren asimilazioa ezinezko bilakatu dugu eta Euskal Herriak dituen beharrei ekiteko aldaketa politikoaren premia nabaria da. Bestetik, gatazkaren izaera politikoa eta konponketa, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren aitortzaren eskutik etorriko dela aski hedatua dago euskal jendartean. Honekin guztiarekin batera, Frantzia eta Espainiako estatuen eraso etengabeari eutsi dio ezker abertzaleak eta erresistentzia gaitasuna balore politiko handikoa izan dela deritzogu.

Lorpen hauek askapen borrokaren hurrengo erronka marraztu dute: independentziarako bidean aldaketa politikoa gauzatzea. Erronka zehaztuta, indarrak antolatu eta egungo ukazio egoeratik aldaketa politikoa gauzatzeko tresna politikoa den prozesu demokratikoa egituratu behar da. Gure erabakiak aipaturiko bi zereginak errazteko baldintza berriak sortzea bilatzen du.

Bestaldetik, nazioartetik Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearekiko dagoen interesa nabarmena da. Bai eta egungo blokeo egoeratik ateratzeko laguntzeko prestutasuna ere. Horiek horrela, gure erabakiak konponbidearen ildoan egon daitezkeen aukerak lantzeko helburua ere badu.

Eta zergatik eman du orain erabaki horren berri?

Hasi berri dugun erronka oinarri sendoen gainean eraiki behar dela deritzogu. Zentzu horretan, erabakia hartu zenean protagonismoa aldaketa politikoa bultzatzen ari diren eragileengan jarri behar zela ulertzen genuen. Erabakia aurreko hilabeteetako gertakarien ondotik argitaratu izanak ETAren urratsa modu desegokian ulertzea ekidin du.

Hilabeteotan aurrerapen nabarmenak eman dira. Aldaketaren masa kritikoaren enborra gorpuzten hasia da. Aliantza eta akordio berriak josten ari dira. Erabakiaren berri emateak egindako ibilbideari egonkortasuna eman nahi dio. Eta prozesu demokratikoaren aldeko dinamika bultzatzeko indar berriak askatzea eragin nahi du.

Horrekin batera, Bruselako Adierazpenean gure erakundeari egin zioten eskaera publikoari erantzun eraikitzailea eman nahi izan dio.

Noiz jarri zen indarrean zehazki (ez baita denbora asko Barne Ministerioak ETAk ekintzak egingo zituela esan zuela)? Ba al du amaiera datarik?

Zehazki noiz sartu zen indarrean galdetzea ulergarria da, baina esan behar dugu erabaki hau ezin dela egun zehatz batean kokatu. Hausnarketa sakona burutu ondoren, proposamena egin eta, jarraian, erabakia hartzeko barne prozedura abiatu zen. Nolanahi ere, Espainiako Barne Ministerioak ETAren ekintzak iragartzen zituenean jada erasoak ez egiteko erabakia hartua zegoen. Espainiako Barne Ministerioak asmo maltzurrekin egin zituen iragarpen haiek, eta bazekien gezurretan ari zela. Bigarren kontuari beste galdera batekin erantzun nahi diogu: norbaitek nahi al du amaiera datarik izatea? Guk, ez. ETAk konponbidean barrena egin nahi du aurrera, gero eta sakonago, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte.

«Eraso ekintza armatuak» zer diren eta zer ez diren aritu dira hainbat hedabidetan. Erabaki horrek zer suposatzen du zehazki ETAren jardunean?

Erabakiaren xehetasunak argitaratu dira: talde operatiboek prest zituzten ekintzak bertan behera uzteko eta eraso ekintza armaturik ez burutzeko agindua dute. ETAk, bestaldetik, beretzat gordetzen ditu balizko enfrentamenduetan defendatzeko eskubidea, ohizko hornitze-lan eta egituren mantentzerako beharrezkoak diren zereginak.

Zuen ekimena Bruselako Adierazpenaren eta Iruñean ezker abertzaleak egindakoaren ondotik etorri da. Ez zen horien aipamenik egin irailaren 5eko adierazpenean. Ondoren, Bruselakoari zuzendutako agiria kaleratu duzue. Konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko prest agertu zarete. Horrek eskatutako su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko prest zaudetela esan nahi al du?

ETAk prestutasuna du urrats hori emateko bai eta urrunago joateko ere, horretarako baldintzak sortzen badira. Baina urrats horiek prozesuaren garapenaren logikan kokatu behar dira. Funtsa ez baita ETAk, modu partzial eta isolatuan, zer nolako urratsak eman behar dituen. Gatazka politikoaren konponbide demokratikoa da helburua, zauria behin betiko ixtea, eta horrek ardurarekin jokatzea eskatzen digu denoi.

ETAk garrantzi handia ematen dio Bruselako Adierazpenari eta seriotasunez jorratu nahi du gaia. Horregatik gure hausnarketa eta ikuspegia helarazi nahi diegu, euren ekarpenak jaso eta konponbide demokratikoa ahalbidetzeko eman daitezkeen urratsak aztertu.

Nork egiazta beharko luke halako su-eten bat? Nazioarteko eragileek izan beharko luketela esan duenik bada.

Horrelako galderak erantzuteko goizegi dela deritzogu. Une hori heltzen bada, orduan aztertu beharko dira aukerak, beste esperientzietatik ikasiz.

Gainerakoan, zer beste egitekorik izan dezake nazioarteko bitartekaritzak; adibidez, beste eragile batzuei begira?

Guk beti esan izan dugu giltza Euskal Herrian dagoela, prozesu demokratikoaren aldeko herri aktibazioan eta indar metaketan. Baina nazioarteko eragile eta instituzioek ekarpen handia egin dezakete, beste prozesu batzuetan ikusi izan denez.

Nazioartearen ekarpena prozesu guztian zehar beharrezkoa dela deritzogu, bai prozesua etengabe sustatzeko, babesteko eta, nolabait, blindatzeko, bai prozesuaren emaitzarekiko errespetuaren berme-emaile gisa.

Beste eragileei begira, zehazki, oraingo blokeo egoeratik ateratzeko ekarpen handia egin dezake. Alderdi interesak albo batera utzi eta konponbide demokratikoan murgiltzeko beharraren hausnarketa zabaltzeko. Bestalde, prozesuak behar dituen oinarrizko baldintzak eta joko arauak finkatzeko funtzio erabakigarria joka dezakeela uste dugu.

Aldi berean, alde askotariko konpromisoak beharko direla esan duzue. Zein dira, zuen iritziz, konpromiso horiek? Edo beste modu batez esanda: zer indargabetu behar da eta zer aktibatu behar da prozesu demokratiko batek aurrera egin dezan?

Konpromisoak bi mailatan koka daitezke. Alde batetik, prozesuak behar dituen gutxieneko demokratikoak. Prozesua bideragarria izateko behar den oinarrizko eszenatokia, nolabait esatearren. Eszenatoki horrek aldagai hauek barnebildu behar ditu: eragile guztiak baldintza berdintasunean jarduteko beharrezkoak diren neurriak, eskubide zibil eta politikoak ezartzea, euskal preso politikoei ezarri zaizkien zigor erantsien indargabetzea eta, oro har, presio, injerentzia eta indarkeria egoera oro indargabetzea.

Bestalde, prozesua elkarrizketa eta negoziazioaren bidez garatu behar bada, eragileen borondatea eta konpromisoa ezinbestekoa da. Elkarrizketa prozesua aktibatu eta egituratu behar da. Elkarrizketaren helburuak, metodoa, elkarrizketa mahaiaren sorrera, joko arauak eta gaitegia finkatu beharko dira. Nola egiten da? Hori euskal eragile politiko eta sozialei dagokie.

Azkenik, eta nagusiki, euskal herritarrei hitza emateko prozedura da aktibatu behar dena. Eta horretarako egun dauden oztopo, injerentzia eta muga guztiak dira indargabetu beharrekoak.

Aurreko galderaren haritik, alde askotariko konpromiso horiek zuek urratsak egiteko aurre baldintzak dira edo, ezker abertzalearen eztabaidatik ondoriozta daitekeenez, prozesuan lortu beharreko aitzinamenduak dira?

Eta aipatzen dituzun ETAren urratsak, aurre baldintzak dira edo prozesuan lortu beharreko aitzinamenduak? Gure ustez, eskema horrek blokeora garamatza ezinbestean, nork bere ardurari izkin egitera.

Espainia eta Frantziaren itxikeriaren aurrean ETA arduraz jokatzen ari da eta aukera zabaltzen ari da. Urrats bat eman du eta gehiago emateko borondatea du. Aitzitik, prozesua, gatazkaren konponbideari bere osotasunean heldu gabe, borroka armatuaren desaktibatze huts batera murriztea posiblea dela inork uste badu, kalkulu okerra egingo du. Zenbaitek urteotan aurreratu denetik atzera egin nahi du, prozesu tekniko hutsa bideratu nahian. Baina euskal jendarteak konponbide justu eta iraunkorra eskatzen du, arazo politikoaren muinari heltzen diona.

Beste kontu bat da, eta bat gatoz horretan, konpromiso guztiak ez direla egun batetik bestera lotuko eta horrek ezin gaituela geldiarazi. Indarrak biltzeko eta konpromiso berriak lotzeko ahalegin etengabean murgildu behar gara.

«Ez da nahikoa», horixe da hedabideetan oihartzun gehien jaso duen erantzuna.

Eta gure galdera da: ez da nahikoa zertarako? Prozesu demokratiko bat garatzeko? Ados. Eta proposamen argia ere luzatzen dugu: eman ditzagun urratsak denok prozesuak behar duen «nahikotasun demokratikoa» eraikitzeko. Ez da besteek egiten dutenari begira gelditzeko garaia. Nork bere buruari galdetu behar dio zein den bere ekarpena, Euskal Herriari zer eskaintzen dion.

Ezaguna da, bestalde, batzuentzat ez dela ez inoiz ez ezer nahikoa izango. Ez-nahikotasuna Euskal Herriaren ukazioari eta estrategia errepresiboari eusteko aitzakia baino ez dela.

Aurrekoan Zapaterok esan zuena argigarria da: ez dela nahikoa ez delako ETArekin fio! Eta zer konfiantza izan al dezake ETAk aurreko prozesuan lehenengo egunetik bertatik akordioak urratu zituen Espainiako Gobernuarengan? Eta zer konfiantza izan al dezake Euskal Herriak urte luzez ukazioa eta errepresio gordina besterik eskaini ez duten estatuengan? Arazoa ez da ETArekin fio izatea edo ez. Zapatero, Patxi Lopez eta Sanz-en benetako arazoa da ez direla euskal herritarrekin fio. Beldur direla baldintza demokratikoetan, inolako muga eta injerentziarik gabe, Espainiaren menpeko eskaintza politikoak euskal herritarren babesa jasoko ez ote duen. Horregatik inposizioaren eta estatuaren biolentzia eta mehatxua.

Askok ezker abertzaleak marraztutakoarekin alderatuta ere zuen erabakia ez dela nahikoa izan esan du. Berriro ere ETA gogo txarrez eta ezker abertzaleari atzera tiraka ari dela irudikatu nahi izan dute. Zer duzue esateko?

Oso bestelako irakurketa egiten dugu guk. ETAren urratsak independentismoari eta prozesu demokratikoa egituratzeko egitasmoari hauspoa eman diola, bultzada eman diola. Eta uste osoa dugu ezker abertzalearen beste antolakundeek eta oinarri sozialak ez ezik, euskal jendartearen gehiengoak ere horrela hartu duela.

ETAren erabakiak kolore berri bat eman dio ezker abertzaleak marraztutakoari. Beste kontu bat da zenbaitzuk, ezker abertzalearen apustu politikoa desitxuratu nahian, ezker abertzaleak marraztutakoan Espainiako sasi-demokrazian barneratzeko asmoaren zirrimarra ikusi nahiko luketela.

Egia da, ezin ukatu, ETAren ekimenak oihartzun handia lortu duela eta Euskal Herrian eragile askok baikor hartu duela egoera berria: ezker abertzalea, EA, ELA, Aralar, Lokarri... Zer azterketa egiten duzue horretaz?

Euskal Herrian aldaketa politikorako dagoen gogo, aukera eta premia nabaria da. Azken hilabeteotan eremu ezberdinetatik Euskal Herriaren alde garatu den harreman eta elkarlan ekimen andana horren isla da. Zenbait hedabide eta kazetariren toxikazioak toxikazio, ETAren erabakia Euskal Herrian loratzen ari den dinamika ureztatzeko ekarpen gisa euskal jendartean ongi ulertua izan dela ondorioztatzen dugu.

EAJren erantzun ofiziala oso ezkorra izan zen, nahiz eta beste ahots batzuk ere izan diren jelkideen aldetik...

PNVren erantzun ofiziala tamalgarria izan da eta ziur gaude alderdian eta oinarri sozialean asko eta asko lotsaraziko zituela. Espainiako Gobernuaren itxikeriarekin lerrokatzen ari da, Alfredo Perez Rubalcaba eta Rodolfo Aresen tesi polizialekin. Beraiek jakingo dute zer mozkin jasotzen duten, baina argi izan behar dute hori ez dela euskal jendarteak espero duen erantzuna.

Beste ahots batzuk entzun izan dira, bai, eta pozgarria da. Euskal Herriaren egoerak, hala ere, arduraz jokatzea eskatzen du eta ohiko joko bikoitza dagoeneko ez da nahikoa. PNVk erabaki behar du Espainiak eskaintzen duen irtenbiderik gabeko tunel ilunean jarraitzea edo Euskal Herriaren aldeko hautua egitea.

Estatuak hitzezko erantzuna ez ezik, ekintzetakoa ere eman du. Manifestazio debekuak eta atxiloketak. Estatua ez dago su-etenean. Nola ulertzen duzue hori guztia?

ETAren ekimenaren harira Rubalcabak irtenbide polizialaren posizio politikoa fermuki agertu ondoren, atxiloketa eta manifestazioaren debekua sekuentzia koherente gisa irudikatu nahi izan ditu. Aldi berean, kontraesana nabarmena izan da, ordea, arazoa ETArekin ez ezik, herri honekin ere baduela agerikoa izan baita.

Edonola ere ondorioa argia da: Espainiako Estatuak ez du konponbide demokratikoarekiko inolako borondaterik. Ez dago ukazioa, indarkeria eta eskubideen urraketari uko egiteko prest.

Aurkakoa islatu nahi duten arren, Gobernuaren posizioa oso ahula dela dakusagu. Espainiako Gobernuak gatazkaren konponbidearen erroei heltzeko duen ezintasun eta izu politikoa nabaria da. Ahalegin guztiak egingo dituzte prozesu demokratikoa blokeatzeko. Eta horrek aurretik dugun erronkaren tamaina erakusten digu.

Edonola ere, pentsa liteke halako prozesu batean sartzeko urratsak egitea zaila ere izan daitekeela errepresio hain gogorra indarrean izanda. ETAren historiari begiratuta, maiz «erantzuteko eskubidea» aipatu da. Gainera, ekintzak ez egitea ahuldade seinaletzat jo izan dute beti bozeramaile politikoek eta hedabideek. Halaxe egin dute orain ere. ETAk porrot egin duela diote. Horrenbestez, normala ere bada pentsatzea, aldebakarreko distentsio urratsak egiteak barne eztabaida sortuko duela ETAn...

Hausnarketa etengabean murgiltzen da ETA, uneoro Euskal Herriko egoeran eragiten duten aldagaiak aztertuz eta askapen borroka garatzeko biderik eraginkorrena bilatuz. Hartara, erabaki eta ekimen bakoitzaren arriskuen eta aukeren gogoeta egiten dugu. ETAren jardunari erreparatuz gero, erabaki sakona izan denik ezin da ukatu eta neurri bereko hausnarketa eta eztabaida burutu du. Nolanahi ere, lehen aipatu bezala, erabakia ez da ETAk gogo txarrez egiten duen amore ematea. Ofentsiban, determinazioarekin emandako pausoa da, askapen borrokan urrats berriak eta erabakigarriak emateko konbentzimenduarekin, independentzia egingarri izatea ahalbidetuko duen marko demokratikoa eskuratzeko helburu irmoarekin.

Ahuldadea aipatzen duzula, oroitu behar da horixe bera esan dutela bere kontrolpean ez zegoen urratsik eman izan dugun bakoitzean. Horrela azpimarratzen zuten 98an, bai eta Bergarako proposamena mahaigaineratu genuenean ere. ETA indar posizio batean ez balego ez luke halako urratsik emango. Espainiako Gobernuaren itxikeria eta indarkeriarako jarrera da ezintasuna islatzen duena. Porrot egiten ari dena.

Ziburun egoera berri baten atarian egon gintezkeela esan zenuten joan zen uztailaren 24an. Prozesu demokratikoa, nahiz eta, bistan denez, estatuek blokeo egoerari eutsi, bidea egiten hasi al da?

Ziburun egoera berri batean egon gintezkeela genion eta gaur ere berresten dugu. Lehenago ere aipatu bezala, Euskal Herrian prozesu demokratikoaren bidez independentzia eskuratzeko engaiamendua nabaria da. Azken hilabeteotan sorturiko ilusioak edota eragile, sindikatu zein alderdien arteko hartu-emanen areagotzeak ongi erakusten dute. Euskal gatazkak nazioartean hartu duen dimentsioa eta zabaldu den joko zelai berria adierazgarria da. Zentzu berean, Espainiako Gobernuaren blokeoaren eta betoaren aitzinean, topeak altxatzeko eta gainditzeko Euskal Herria Adierazi bezalako dinamikekiko agertu den konpromisoa izan da azken isla.

Ikuspegi berean jarraitu beharra dagoela deritzogu. Indarrak bilduz. Euskal Herriaren arloen eraikuntzan. Espainiako Gobernuak prozesu demokratikoari itxi nahi dion atea irekitzeko presio dinamikan. Gatazkaren konponbiderako erroetan sakonduz, prozesuan garatu beharreko eduki eta metodologia elkarlanean landuz.

Prozesu demokratikoa bidea egiten hasi dela baino gehiago, guk Euskal Herria abian dela azpimarratuko genuke.

«Prozesu demokratikoa denboran eutsi beharko diogun erronka izango da, sartu-irteerarik gabekoa», dio «Zutik Euskal Herria» ebazpenak. Zentzu berean, Iruñeko Adierazpenak aurreko prozesuek izandako hausturako joera nabarmendu zuen. Horiek horrela, nola ulertzen du ETAk irekitzen ari den edo ireki nahi den prozesua?

Prozesu demokratikoak helburu argia izan behar du gure ustez: Euskal Herria egungo ukazio egoeratik Euskal Herria subjektu politiko gisa eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duen marko demokratikora igarotzea. Konponbide demokratiko eta egonkorra ahalbidetuko badu, gatazka politikoaren oinarrian dauden gakoei erantzun behar die. Lurraldetasuna eta autodeterminazioari formulazio adostua emateko prozesua da, beraz.

Hori ez da egun batetik bestera egiten. Are eta gutxiago, gaur gaurkoz, Espainiaren aldeko indarrek inolako borondaterik ez dutenean. Denboran eutsi beharko diogun erronka izango da, bai, eta pazientzia eta ausardia dosi berdinetan beharko ditu. Prezipitazio eta estutasun politikorik gabe heldu behar diogu. Egia da, bestalde, aurreko prozesuan Espainiako Gobernuak hasieratik bertatik hausteko helburua izan zuela. Ezker abertzalea higatzeko asmo zitaletik ekin zion prozesuari. Eta pentsatzekoa da oraingoan ere ez dela ezberdin izango.

Euskal Herriak asko dauka jokoan. Eta hori ezin da soilik alderdi politikoen esku utzi. Gauzak horrela, prozesua elikatzeko, bultzatzeko eta zuzentzeko herria izan behar da protagonista. Herri aktibazioa izan behar da prozesuaren motorra, ase gabeko herritarren aldarrikapenek prozesuaren norabidea gidatzen dutenak. Herriak

babestu behar du prozesua.

Beraz, prozesuak «definitibo» izaera duela esan al daiteke?

ETAk zabalduko den hurrengo prozesua definitiboa izateko borondate argia du. Hori da ETAren asmoa eta helburua, eta jarrera horretatik ekingo diogu. Baina, egun, definitibo izaera duela gehiegitxo esatea ere badela deritzogu. Ibilbide luzea dugu egiteko, urrats asko emateko. Prozesuak euskal herritarrei hitza emateko prozedura finkatzeak eta herritarren borondatearekiko errespetuak baino ez dute prozesua definitibo egingo.

ETAk Mitchell Printzipioak errespetatzeko konpromisoa hartuko al du?

ETAk, inolako muga eta inposaketarik gabeko eszenatokian, euskal herritarrek erabakiko dutena errespetatuko duela sarritan agertu izan du. Areago, aukera hori irekitzea izan da eta da ETAren borrokaren helburua.

Mitchell Printzipioei dagokienez, lehenengo argipen bat egin behar dela uste dugu. Mitchell Printzipioek gatazka politikoa gainditzeko alde anitzeko elkarrizketa saioetan alderdi politiko guztiek onartuko lituzketen joko-arauak jasotzen dituzte. Hortaz, alderdiei dagokie printzipioekiko konpromisoa adieraztea.

ETA eremu horretatik kanpo dagoen arren, Mitchell Printzipioak aintzat hartuz, alderdien arteko elkarrizketa saioetan ez eragiteko eta eremu horretan gatazkaren konponbide demokratikoan lortu daitezkeen akordioak errespetatzeko borondatea du.

Lurraldetasuna eta, zehazki, Nafarroaren egoera izan da beti balizko prozesu baten gako nagusietako bat. Izandako saiakera guztien ondotik, nola egin beharko litzaioke aurre aldagai horri?

Ezin ahantzi dezakegu Nafarroako Foru Hobekuntza Euskal Herriaren zatiketa eta desagerpenerako inposatua izan zela; estatuek lurraldetasun kontzeptu zehatza inposatu eta erabakitzeko eskubideari mugak jartzen dizkiotela.

ETAk bere ikuspegia du egituratzearen inguruan eta ez da inondik inora ikuspegi hertsia. Euskal herritarren eskubideak Euskal Herri osoan errespetatzea da gakoa. Bestelakoa da izan beharreko formulazioa edo antolaketa, baina Euskal herritar bakoitzaren iritziak eta erabakitzeko gaitasunak berdin balio behar du Euskal Herri osoan. Ezin dira eskubidea eta bere aplikatzeko eremua desberdindu.

Edonola ere, Anoetan ezarritako eskemari jarraituz, lurraldetasunaren eskubidea nola gauzatu eta egituratzen den alderdi politiko eta eragile sozialei dagokie.

Prozesu demokratikoa aipagai denean, badirudi Hego Euskal Herriaz ari garela. Zer gerta liteke Ipar Euskal Herrian egoera berri hori sendotzen bada?

Orain lau urte, 2006an, ezker abertzaleak Uztaritzen autonomia proposamena aurkeztu zuen. Argi esan zen orduan, gure herria bi estaturen menpe izanik ere, gatazkaren abiapuntua Bidasoaren alde bietan berbera zela: ukazioa eta zapalkuntza. Herrialde bakoitzaren errealitateari egokituriko dinamika berezituak, estrategia komunean, era koherentean lantzeari ekingo geniola ere esan zen. Eta duda izpirik gabe lau urte hauek emankorrak izan dira. Zentzu horretan, prozesuak erritmo ezberdinak eta errealitate ezberdinak ezagutuko dituen arren, prozesu demokratikoak izaera nazionala, bat eta bakarra, izan behar duela deritzogu.

Frantziako agintariek jakin badakite, euskal gatazka hartzen ari den mundu mailako dimentsioaren ondorioz eta Espainiako Estatuarekiko prozesua egonkortzen den heinean, ez duela dagokion erantzukizuna estaltzerik izango. Zentzu horretan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako alderdi, eragile eta norbanakoen arteko harreman dinamikei gaurdanik ekiteak garrantzi berezia duela deritzogu.

Bestalde, Frantziako Estatuak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarren nahiari entzungor jarraitzen du. Halere, Pabe eta Paristik euskal herritarren borondatearen aurka hartzen ari diren neurriek azken urteotan herritarren gehiengo zabalak eskumen eta botere mailak Euskal Herriari itzuliko dizkion aitortze politiko eta instituzionala aldarrikatzea eragin dute. Frantziak euskal gatazkarekiko duen jarrera zentzugabeak jada ez du euskal jendartea tronpatzen. Euskal jendarteak eztabaida hori gainditu du. Alternatiba bat galdegiten zaio Frantziako Estatuari. Eta hori geldiezina da. Hiru herrialdeak barnebilduz, erabaki eta kudeaketa gune edo marko autonomiko baten beharraren determinazioa, hain zuzen. Aspaldian gainditu genuen lehenik Hego Euskal Herria eta ondoren Ipar Euskal Herria bezalako eskema zaharkitua. Ez dugu Espainiarekiko gatazkaren erresoluzio egunaren beha izan behar, Frantziako Estatuarekiko konfrontazio garaia da.

Prozesu demokratikoa gara dadin negoziazio prozesu bat izan beharko lukeela pentsatzea logikoa da. Nork behar du izan horretan protagonista? ETAren aburuz, zer eremuk eta zer eragilek hartu behar dute parte?

Anoetan aurkeztu zen metodologiak babes aski zabala du herritarren eta eragileen artean. Bertan bi eremu finkatu ziren: ETA eta Espainiako Estatuaren artekoa, bata. Euskal alderdi politiko eta eragile sozialen artekoa, bestea.

Metodo egokia dela uste dugu eta xehetasunez ezarrita dagoela. Gure ustez alderdi politiko eta eragileen arteko eremua da garrantzitsuena, gatazka politikoaren konponbidea bertan eskuratuko diren akordio politikoetan eta bere inplementazioan ebatziko baita.

Edonola ere, prozesu demokratikoaren protagonista Euskal Herria izan behar da. Sukalde lana egon behar dela ukaezina bada ere, sukaldeko ateak irekia egon behar du eta lurrin goxoak ala garratzak jantoki herritarrean usaindu behar dira. Hala, herri nahira moldatutako platera besterik ezin izango da eskaini.

Askotan leporatu zaio ETAri halako prozesuak «tutelatu» nahi izatea. Ze jokabide izango du?

Bada marka, Espainia eta Frantziako estatuen tutoretza ontzat ematen dutenek ETAri halakorik leporatzea. Guardia Zibilak eta jendarmeek tutelatzen dute egun Euskal Herria!

Arazoa ez da borroka armatua edo ETAren jarrera, hori aitzakia hutsa da. Arazoa da Espainiako Estatuak finkatu nahi duela zer den onargarri eta zer ez, herritarren borondatearen gainetik. Katalunian ikusi berri dugu. Ibarretxeren plana ere adibide argia da eta ETAri prozesua tutelatu nahi izatea leporatzen dioten horiek ahotsa ere altxa gabe onartu zuten.

ETAk ez du prozesuan protagonismo berezirik nahi. Euskal eragile politiko eta sozialei, euskal herritarrei oro har, dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortza artikulatzea eta euskal herritarrok hitza emateko prozedura adostea. Bai eta euskal herritarrok tutoretzarik gabe, muga eta injerentziarik gabe, erabakiko duguna errespetatua izateko bermeak lotzea ere. ETAk prozesua elikatzeko, sendotzeko eta gorpuzteko ekarpen iraunkorra egingo du.

Harreman biderik ireki al du ETAk edo, bestela, inor etorri al zaio ate joka?

Pentsa daitekeenez, ETAk harreman bideak zabaldu ditu eta bada ate joka etorri denik. Dena dela, eta egiari zor, argi esan nahi dugu egun ez dagoela inolako akordiorik edo konpromisorik.

Ezker abertzalearen eztabaida faktore nagusi bat izan da egoera politikoaren bilakaeran. Zer balorazio egin du ETAk?

Balorazio baikorra egiten dugu oso. Eta azpimarratu nahi dugu etengabe erasotua den ezker abertzaleak eman duen gaitasun erakustaldia.

Ukaezina da, bestetik, herritar batasunaren determinazioak eta iniziatibak egoera politikoa hankaz gora jartzeko izan duen eragina.

Halere, ETAk eztabaida horren norabidearen kontra egin duela zabaldu dute hainbat hedabidek.

Espainiako Gobernua ahalegin handia egiten ari da toxikazioa eta presio politikoaren bitartez ezker abertzalea ahultzeko eta barne zatiketa elikatzeko. Ez dena berria, bestalde, ezker abertzaleak eman duen eztabaida bakoitzean errepikatu baitute.

Errealitatea da ETAk ez duela parte hartu prozesu horretan, ez duela ez norabide batean ez bestean eragin. Herritar batasunaren ildoa eta posizio politikoa herritar batasunaren oinarri sozialak finkatzen du eta ETAk errespetuz hartzen du eta balore politiko handia ematen dio.

ETAk ikuspegi propioa du eta eztabaida edota ekinbide politikoaren gaineko ekarpena egiten du, bai eta desadostasunak agertu ere. Horrela egin dugu oraingoan eta aberasgarria delakoan gaude. Ezker abertzalean helburuetan bat egiten duten ikuspegi osagarriak egon daitezkeela uste baitugu.

Laburbilduz, ETAk bat egin al du «Zutik Euskal Herria» ebazpenarekin?

Esan bezala, «Zutik Euskal Herria» ebazpenak herritar batasunaren posizio politikoa finkatzen du. ETAk ez luke hitzez hitz bere egingo, baina ebazpen horretatik ondorioztatzen den apustu politikoarekin bat egiten dugu.

Ezker abertzaleak aurrera egin arren eta bidaide berriak aurkitu arren, errepresio estrategiak hortxe segiko duela dirudi. Errepresioak, azkenean, fustrazioa eta etsipena sor dezake. Nola egin dakioke aurre egoera horri?

Euskal herritarrok, tamalez, errepresioari aurre egiten eskarmentu galanta dugu. Hamaika bataila ere irabazi ditugu eta borrokaldi horiek guztiek egungo baldintza politikoetan eragin zuzena dutela ez dugu zalantzarik.

Une honetan errepresioari erantzun tinko eta zabala ematea ezinbestekoa da. Espainia eta Frantziako erasoei herri bezala erantzutea, Euskal Herria babesteko herri harresia osatzea. Eta errepresioak tokirik izango ez duen egoera batera heltzea.

Errepresioak etsipena sor dezake, bai, eta hori da Espainiako era Frantziako Estatuen estrategiaren helburutako bat. Baina errepresioari ematen diogun erantzuna prozesua indartzeko akuilua bilakatuko da zalantzarik gabe.

Independentisten arteko elkarlana indartu egin da azkenaldian. Nola ikusi duzue egoera hori eta, zehazki, ezker abertzaleak eta EAk lortutako akordio estrategikoa?

Azken urte luzeetan legez kanpo uzteko estrategiak herrigintzan izan duen kaltea nabaria izanik ere, independentismoak bizi duen pizkundea pozgarria da. Urteetako lan eskergak eta marko autonomikoa gainditzeko beharrak herritarron kontzientzia eta aktibazioa eragin dute. Bestalde, Iruñea eta Gasteizko gobernu osaketa espainolistaren ondotik, Euskal Herriaren izaera eta nortasunaren aurkako erasoaren tamainak Euskal Herriarekiko konpromiso kolektiboan zer esana izan duela iritzi dugu.

Zentzu horretan, Espainiaren eta Frantziaren lurralde antolaketa eta eredu sozio-ekonomikoa krisian diren garaiotan, euskal Estatuak Euskal Herriari ekarriko dion sendotasun eta egonkortasuna aurkeztea funtsezko eginkizuna da. Era berean, herri zutoinen inguruan auzolanean, eskuz esku, eguneroko xinaurri lanean indarrak biderkatzeko tenorea dela deritzogu. Honenbestez, EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioak duen ikuspegi estrategikoaren balio eta balorea eredugarria dela iritzi dugu. Norabide berean indarrak batzen jarraitzeko deia luzatzen diegu euskal herritarrei.

Akordio horrek lotzen al du ETA nolabait?

Akordioa erreferentzia bat da, zalantzarik gabe, eta badu ETAren gogoetan eragina. Edonola ere, gaur gaurkoz, Euskal Herriarekiko eta askatasunaren aldeko borrokan erori diren gudariekiko [Gudari Eguna gainean dela egin dugu elkarrizketa] konpromisoak baino ez du ETA lotzen.

PSOEk ahuldadea bizi du. Gobernu aldaketa izan daiteke hurrengo hauteskundeetan; PP Gobernura iristea aldagai garrantzitsua al litzateke?

Ez dugu uste eztabaidaren gakoa Espainiako Gobernua zein alderdik zuzentzen duen denik. Horrek bata eta bestearen balizko borondatearen eztabaida antzura eramango gintuzke, ustezko borondateren esperoan egotera.

Euskal eragileek eta, oro har, herritarrok gure borondate eta indarretan oinarritzen den ariketa praktikoa egin behar dugula uste dugu: zer egin behar dugu Espainiako Estatuak Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzeko?; zer nolako presio mekanismo, zer nolako konfrontazio politiko abiatu behar dugu euskal herritarron hitza errespetatua izateko?

EAJ ere eragile garrantzitsua da. Nola ikusten duzue bere jokabidea (orain, PSOErekin negoziaketen protagonista bihurtu da), eta noruntz jo dezake?

PNVren jarrera ezin eskasagoa da. Azken urteotan abertzaletasunetik eta Euskal Herriaren interesetatik aldentzen ari da urratsez urrats. Adierazgarria da oso asteotan izan duen jokabidea, Euskal Herriaren aldeko edozein ekimenetan parte hartzeko erakutsi duen borondaterik eza eta zeinen erraz moldatzen den ukazioa eta errepresio bortitzenaren ardura duen alderdia babesteko.

Euskal Herrian aldaketa politikoaren gogoa eta premia inoiz baino nabarmenagoa den honetan, PNVk agortutako marko autonomikoa indarberritzeko nahian dihardu, eztabaida politikoa eskumen autonomikoen eremura eraman nahian. Ikusi nahi izan gabe Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskumena bere osotasunean lortzea dela orain jokoan dagoena.

PNV ataka batean aurkitzen da, sortzen ari den eszenatoki politikotik kanpo eta eskaintza politiko argirik gabe, beti bilatu duen zentralidadea ezin aurkituz. Azkenaldiotan PNVri joko eremua nabarmen murriztu baitzaio. Orain arte defendatu duen autonomismoak Espainiaren menpe uzten gaituela agerian gelditzen ari da. Are eta gehiago Espainiaren aldeko indarrek kudeaketa autonomikoa bereganatu dutenetik.

Noruntz jo dezakeen asmatzea zaila da eta jada ez gaude euren erabakiaren zain. Beraiei dagokie Espainiara eramaten duen autobideko ordainlekuan jarraitzea edo Euskal Herriko bidexketatik barrena abiatzea. Euskal oligarkia asetzea edo bere oinarri sozialaren gehiengoarekin topatzea.

Zer garrantzi izan dezakete hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeek? Zuen ekimenak ezker abertzalea hauteskundeetan egoteko amarru huts bat dela esan du batek baino gehiago.

Amarrua horixe bera da, hauteskunde iruzurrari eusteko aitzakiak etenik gabe bilatzea, herritarren borondatea berriro ere legez eta indarrez bortxatzea. Gure erabakia eta Euskal Herrian gorpuzten ari den mugimendua hauteskundeetan egoteko asmoarekin lotzeak, bestalde, eztabaida desbideratzea bilatzen du, aldaketa politikoaren ibilbidea murriztea.

Hauteskunde hauek berebiziko garrantzia dute Euskal Herriarentzat. Apartheid politikoaren garaia behin betiko garaitzeko erronkaren aurrean aurkitzen da herri hau. Zeresanik ez, horrek prozesu demokratikoari beste bultzada bat emango lioke. Eta askotan aipatzen ez den bigarren ondorio bat izango luke. Ezker abertzalea udaletxeetatik kanporatzeak herrietako eguneroko politikagintzan izan duen eragina, alegia. Ez baitira gutxi salaketarik gabe gelditu diren ustelkeria kasuak edota ezker abertzalearen bazterketan babesturik garatu diren herritarren interesen kontrako proiektuak.

Hauteskundeen emaitzak ere garrantzitsuak izango dira oso. Ezker abertzaleari bere proiektu abertzale, ezkertiar eta parte-hartzailea garatzeko aukera emango dio, gorpuzten ari den proiektu independentista indartzeko eta Euskal Herriaren egituratze instituzionalean urrats berriak emateko aukera.

Presoen arteko zatiketa indartzeko borondatea agertarazi du Espainiako Gobernuak. Hainbat presok kolektibotik kanpoko beste bide bat hartu du. Zer diozue horretaz?

Espainiako eta Frantziako gobernuen estrategia erabat ankerra eta bihozgabea da. Askapen borroka ahuldu nahian euskal preso politikoekiko zigorrak eta xantaiak muturrekoak izaten ari dira. Era berean, miserablea deritzogu, tortura hain errotua dagoen presondegietan, zenbait presoren militantziari uko egitea eta damua gerra saritzat aurkeztea.

Haien burua kolektibotik at kokatu duten presoei dagokienean berriz, Rubalcabak eskainiriko abantaila pertsonalen trukean, etsaiaren espetxe politika kriminala elikatu eta gainerako kideak estutzeko aitzakia etsaiari eskaini izana oso larritzat jotzen dugu. Edonola ere, aterabide pertsonala bilatu nahian kolektiboa utzi duten presoekiko erabakia kolektiboak berak hartu beharrekoa dela deritzogu.

Euskal preso politikoen kolektiboaren duintasuna, koherentzia eta erresistentzia dira guretzat eredua. Hori da Euskal Herriko azken zokotik nazioarteraino eraman behar dugun eredua. Gure herrian ere mundu luze-zabalean erreferentzia den Nelson Mandela beraren adinako duintasuna agertzen duten preso andana dugu.

Halere, presoen egoera asko okertu da azken urteotan. Zama handiegia izan daiteke. Nola erantzun beharko litzaioke larritasun egoera horri?

Premia larriz! Arazo batzuek berehalako konponbidea eskatzen dute eta presoen egoera horietariko bat dugu. Herri honek onartu ezin duen errealitatea da euskal preso politikoek bizi dutena. Babesa, elkartasuna eta salaketa preso politikoak etxeratu arte etenik izan behar ez duen dinamikak ditugu. Zentzu horretan euskal jendarteari dei zabala luzatzen diogu euskal preso politikoen defentsan murgil dadin.

Konponbide prozesuan non kokatzen duzue presoen eta iheslarien gaia? Oker ala ez, gai honek azken akordio politiko baten zain behar zuela egon zirudien...

Preso politikoen kaleratzea, orain artean bezala, ETA eta estatuen arteko esparru negoziatzailean kokatzen dugu. Bat gatoz preso eta iheslarien gaia azken akordioaren zain utzi ezin den zeregina dela, eremu horretan urratsak ematea prozesu demokratikoa sendotzeko ekarpen handia izan daitekeela.

Bestetik, elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan errepikatu dugu, prozesu demokratikoari ekiteko gutxieneko baldintza demokratiko batzuk barnebiltzea ezinbestekoa dela. Gutxieneko horien artean kokatzen ditugu preso gaixoak, zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten kideak edota doktrina berezi baten bidez bizi osoko espetxe zigorra luzatu dieten kideen kaleratzea.

Hala ere, horrek ez du esan nahi presoen gaia lantzeak eta borrokatzea esparru horri soilik dagokionik, kalean irabazi eta baldintzatu beharreko gaia baita. Prozesu politiko eta demokratikoan, preso eta iheslarien gaia eta beraien parte-hartzea hasieratik funtsezkoa izango da. Zentzu horretan, EPPKren estatus politikoaren aitortza haiena eginez, euskal eragileak, sindikatuak eta alderdi politikoak kolektiboarekin harremanetan jartzea ezinbestekoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo