GARA > Idatzia > Euskal Herria

Helduen danborradak gaur gauean zeharkatuko ditu Oņatiko kaleak

Astebete baino gehiago daramate oñatiarrek San Migel jaiak ospatzeko prestatu duten egitarauko ekitaldiez gozatzen, baina, berez, jaiak aste honetan iritsi direnez herrira, ekitaldiak ugarituz joango dira. Larunbatean haurrak atera ziren danborradan, eta gaurkoa, aldiz, helduen txanda izango da. Bestalde, jai herrikoien aldeko karpan trikitxaranga prestatu dute Txantxikuari ongietorria emateko. Horren ostean, pintxo dastatzea hasiko da.

p024_f03.jpg

Nagore BELASTEGI

San Migel jaien egun gorenak aste honetan zehar ospatzekotan badira ere, oñatiarrek irailaren 11tik daramate ekitaldiak ospatzen, batez ere asteburuetan. Ordutik kirol eta kultura jarduera sorta zabala izan dute herrian, egun hauetan etorriko zaienerako prestatzen joateko.

Pasa den asteburuan jada nabaritzen hasi zen San Migel eguna gertu zegoela, larunbata eta igandea ekitaldiz josita egon baitziren. Aretxabaletan euren sanmigelak amaitzear zeuden bitartean, oñatiarrak gogotsu zeuden eta festa kutsua nabarmentzen zen. Larunbatean goiz eta arratsaldez futbol 7ko II. San Migel txapelketa izan zen eta arratsaldean, museko II. San Migel txapelketa jokatu zuten. Pilota txapelketa ere izan behar zen egun horretan, baina partaideek ezin izan zuten bertaratu, eta bertan behera gelditu zen.

Haurren danborradak 18.00etan atera behar zuen, baina euriaren erruz minutu batzuk atzeratu zen. Hurrengo egunerako utzi ala ez pentsatzen aritu ziren, txikiak ez bustitzeko, baina azkenean atertu zuenean, danborrada ohi bezala ibili zen herriko kaleetatik. Amaierako ekitaldirako euria hasi zen berriro eta nahi baino lehenago bukatu behar izan zuten, azkeneko doinuak motzagoak eginez. Hala ere, umeak ederki ibili ziren danbor hotsak herrian zehar zabaltzen.

Danborradan 170 haur baino gehiagok parte hartu zuten, eta amaitu orduko, musika tresnak askatu zituzten, buruhandien aurretik korrika ibiltzeko. Horrez gain, mutilezkoen senior mailako eskubaloiko 32. San Migel txapelketa jokatu zuten.

Igandean VIII. margo lehiaketa egin zuten, eta artistek kalean ibili ziren margotzen, eta herriko paisaiak irudikatu behar zituzten. 14.30ean, jasotako lan guztien artean onenak aukeratu eta sariak banatu zituzten. Irabazle suertatu ez ziren lanak ere gorde egin zituzten, datozen egunetan ikusgai izango baitira erakusketan.

Aurretik, 09.00etan, txistularien goiz eresia izan zen eta horren ostean, nazioarteko 51. Artzain Txakur Txapelketa hasi zen Santa Lutzia zelaian. Txakurrek hainbat trebetasun proba egin zituzten, ardiak zaintzen onenak direla erakusteko. Txakur guztiek lan dotorea egin zuten, baina azkeneko proba erabakigarria izan zen eta Aresoko Antonio Alustizaren Ttiki txakurrak eskuratu zuen lehen postua. Aurtengoarekin hamahiru aldiz parte hartu du Alustizak Oñatiko lehiaketan, eta Ttikik eman dio garaipena, oso maila handiko lehiakideen artean gailenduz.

Eguneko beste protagonista uztailaren 21ean hil zen Bizkor txakurra izan zen. Txakur horrek sei aldiz lortu zuen Oñatiko nazioarteko txapelketan lehenengo postuan amaitzea, eta beste hirutan ere iritsi zen podiumera. Oñatin txapel gehien irabazi izan dituen txakurra denez, omenaldia egin zioten, bai berari, bai Jose Mari Jauregi jabeari ere.

Bizkor-en argazkiak zeuden zelaian zehar, eta beraren omenezko bertsoak zein poemak kantatu zituzten. Jauregik, lagunaren falta sumatu arren, izan zuen pozik egoteko arrazoi on bat. Izan ere, Bizkor-en birbiloba Leze txakurrak hirugarren postua lortu zuen.

11.00 aldera txistulariak kalejiran ibili ziren herritik, eta eguerdian auto klasikoen erakustaldi ibiltaria hasi zen. Unibertsitate aurrean amaitu zen, eta bertan autoak aparkatu zituzten jendeak ikus zitzan. Jarraian herriko musika bandaren kontzertua hasi zen eta hainbat egileren piezak jo zituzten.

Arratsaldean bola-joko txapelketa egin zuten Kurtze-baltz elkartearen eskutik. Bertan parte hartu zuten 60 lagunek eta gehiagok, eta horien artean onena Patxi Barrena izan zen. Bitartean arku-tiro erakustaldia egin zuten San Martinen. Gainera, erraldoi eta buruhandien konpartsak kaleetan ibili ziren.

Bestalde, ageriko margo lehiaketako eta margo ikastaroetako ikasleen lanen erakusketa ireki zuten. Lanak kultur etxeko erakusketa gelan izango dira ikusgai urriaren 12ra arte, egunero arratsaldeko seietatik zortzietara.

Danbor hotsen oihartzuna

Gaur, San Migel Aozaratzaren eguna ospatzen dute oñatiarrek. Jai giroa arratsaldetik aurrera sumatuko da gehienbat, 18.30ean Hipo eta Tomax pailazoek «Beldurraren etxea» ikuskizuna eskainiko dute herriko plazan. Eguraldi txarra egingo balu, emanaldia Santa Ana antzokian izango litzateke.

20.15ean Joselu Anaiak taldeak abesti herrikoiez jositako dantzaldia eskainiko du, 23.00etan danborrada nagusia hasi arte. Helduen danborrada herriko kaleetan zehar ibiliko da Oñatiko musika bandaz lagundurik. Ibilbidearen amaiera plazan izango da, eta bertan Danborradaren Martxa eta San Migelen ereserkia joko dituzte. Ondoren, Joselu Anaiek emanaldiarekin jarraituko dute.

Horrez gain, «Oñati begi bistan» argazki erakusketa jarriko dute plazako arkupeetan. Urriaren 4ra arte ikusi ahal izango dira lanak, eta jaiak amaitzerakoan zozketatu egingo dituzte.

Bihar jaiei izena ematen dien eguna ospatuko dute Oñatin, San Migel eguna, hain zuzen ere. Goizean goiz hasiko dira ospakizunak, eta 09.00etan hasita gauera arte ez da ekitaldirik faltako. Txistularien goiz-eresiaren ostean, herri mailako plater-tiro txapelketa hasiko da Txopekua tiro zelaian. 11.45ean Udalbatzak udaletxetik parrokiarako bidea egingo du, txistulariek «Alkate soinua» jotzen duten bitartean, eta ondoren elkarmeza nagusia ospatuko da. Une horretan hasiko du Oñatiko musika bandak bere kalejira, eta ordu batean kontzertua eskainiko du.

12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara haurrentzako haur parkea izango da Etxaluzen: puzgarriak, ludoteka eta Santa Fe trena izango dira, herriko txikiek ondo pasatzeko.

Damba taldeak emango dio amaiera egunari, munduko musika estilo askotarikoak nahasten dituen taldeak, alegia. Euskal Herriko, Kubako, Venezuelako eta Madrilgo musikariez osatutako talde honek rumba, blues, punk, reggae edo funk doinuak jotzen ditu, beste askoren artean.

Beste herrietako jaietan gertatzen den bezala, Oñatin ere gazteek euren jai herrikoi alternatiboak prestatu dituzte. Unibertsitate ondoan muntatu duten karparen inguruan kokatu dituzte ekintzak, eta espazio txikia izan arren, oso egitarau sendoarekin datoz.

Joan den asteburuan ireki zuten karpa, eta larunbateko gau osoa iraun zuten Estricalla, Fly shit, Black River eta Interprete desconocido taldeen kontzertuak izan zituzten.

Gaur, 19.00etan Oñatiko trikitxarangak alaituko du txosnagunea, jaien protagonistari ongietorria egiteko unea iristen den arte. 20.00etan Txantxikuaren jaitsiera egingo dute, jai herrikoiei hasiera ofiziala emateko. Jarraian, pintxo dastatzea hasiko da. Ondoren, norbait gosez gelditzen bada afaltzera joateko unea izango da, ekitaldiekin jarraitu baino lehenago. Gauerdian euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute.

Bihar, 14.00etan baba-jate herrikoia izango da. Txartelak 5 euroren truke eskuratu daitezke Arrano eta Ona tabernetan. 21.30ean Oñatiko musika taldeen kontzertuak hasiko dira. Gauean musika jartzeko ardura izango dute Kontaminazion akustika, CC627 ez! eta Drakes taldeek.

doako aParkalekua

Oñatiko lur azpiko parkinak, jaien hasieraz geroztik urriaren 4ra arte, doakoak izango direla jakinarazi zuen Udalak, bertara joaten diren bisitariek edo herritarrek aparkatzeko arazorik izan ez dezaten.

Karpa herrikoia

Herri jaien alde ekinez, OGA, AHT EZ eta amnistiaren aldeko mugimenduak karpa jarri dute, eta era askotako ekintzak dituen egitaraua prestatu dute, hala nola: Presoen aldeko ekitaldiak, herri bazkari eta afariak eta kontzertuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo