AIZKORA
Faborito guztiak izango dira Nafarroako finalean
Jon LEUNDA
Floren Nazabal, Juanjo Lopez, Antonio Senosiain, Donato Larretxea eta Ohian Larretxea izango dira datorren igande eguerdian Etxarrin jokatuko den Nafarroako Lehen Mailako finalean. Kanporaketa saioan, Floren Nazabalek eraman zuen garaipena.
Uharte Iruñean jokatu zen herenegun arratsaldean kanporaketa, eta bertan zortzi aizkolari lehiatu ziren. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen.
Guztira zortzi aizkolari lehiatu ziren, eta inork ez zuen mailarik galdu. Izan ere, Barberena eta Mindegia ere maila nagusian ari ziren, baina biek lehiaketari uko egin dietenez, haiek izango dira maila galduko duten bi aizkolariak.
Kanporaketa berez erakargarria eta bitxia ere bazen, ez baita ohikoa izaten goi mailako kirol batean aita-semeak elkarren aurka aritzea, baina iaz Larretxea gazteak bigarren mailatik gora egiteko txartela lortu zuen, eta atzo maila nagusiko kanporaketan zen bere aitarekin batera. Datorren igandeko finalean ere horrelaxe izango dira, Ohianek, segundo bategatik izan bazen ere, finalerako txartela lortu baitzuen.
Berarekin batera, gainerako faborito guztiek lortu zuten finalean izateko txartela. Lehen enborra botatzen azkarrena Ohian Larretxea izan zen, segundo bat atera baitzien Nazabali eta Senosiaini. Bigarren enborretik aurrera, ordea, postuak finkatzen joan ziren, eta postuetan aldaketarik ez zen izan, azkenekoan izan ezik, amaierako enborrera bitarte Erasun Kañamaresen aurretik joan baitzen, baina bukaeran azkeneko postuan amaitu zuen Aurtizko gazteak.
Desafioa
Urruñako taldeak irabazi zuen larunbat arratsaldean Jutsiren aurka jokatzen ari den desafioko joaneko saioa. Guztira zazpi kirol probetan neurtu ziren, eta saioa oso estua izan zen.
Lapurtarrek zazpi ekinaldietatik lautan lortu zuten garaipena, eta Nafarroa Beherekoek, berriz, hirutan, bi taldeen arteko oreka agerian utziz. Amaieran, berriz, 4 eta 3 irabazi zuen Urruñako taldeak. Norgehiagoka honek itzulerako saioa ere izango du ordea, izan ere urriaren 9an jokatuko baita bigarren neurketa, hura Azkaingo pilota plazan izango da. Jutsik bi saiotako aldea atera beharko dio irabazi nahi badu.