GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Alperrik ari dira «Txiki»-ren hilobia zelatatzen; bere borrokaren testigua kalean dago aspalditik

Hogeita hamabost urte igaro dira Txiki eta Angel Otaegi FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baenarekin batera fusilatu zituztenetik. Hogeita hamabost urte geroago, oraindik ez dira publikoki ezagunak fusilamendu pelotoietan parte hartu zuten polizia eta militarren izenak, borreroen identitatea, alegia. Espainiar epaileak, ordea, ez dabiltza fusilamendu horietan parte hartu zuten pertsonen bila, are gutxiago gertaera hauen arduradun politikoen atzetik. Horietatik batzuk bizirik eta libre egongo dira, zalantzarik gabe, fusilatu izan ez balituzte gudari gazte haiek bizirik egongo liratekeen bezalaxe, ziur asko. Hiltzaileak bilatu ordez hildakoak zelatatzen ditu Poliziak, Ertzaintzak kasu honetan, gazte borrokalari haien izpiritua hilobitik atera ez dadin akaso. Ez dakite, ez dute ulertzen, Euskal Herrian izpiritu hori ez dagoela bizirik hildakoengatik, baizik eta injustiziagatik, hildako horiek borrokatu zituzten injustizien jarraipenagatik, hain zuzen ere. Ez dira konturatzen borroka horren iturria ez dagoela hilobietan, baizik eta kalean, Euskal Herrian bizi diren guztientzat etorkizun aske eta hobe batean sinisten duten herritarren eskuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo