Egonkortasun ekonomikoaren bila anabas politikoa topatu dezake Europar Batasunak
Europar Batasunaren krisia bikoitza da. Alde batetik, globala den krisi ekonomikoa pairatzen du; zehatzagoak izateko, bere kideetako batzuek modu bereziki larrian pairatzen dute kapitalismoaren krisi sistemikoa. Beste alde batetik, EBren jaiotzetiko krisia politikoa da. Merkatu izatetik entitate politiko transnazionala izatera igarotzeko bidea markatuta zegoen Batasunaren jatorrian, baina ordutik hona eta tratatuz tratatu erdiko bidea etengabe hartzearen poderioz, iparra galdua dago. Batak bestea areagotu egin du, eta alderantziz. Krisia, bere bi adiera horietan, estrukturala da eta konponbidea sakoneko aldaketetatik soilik etor liteke. Horren ordez, herrialde boteretsuenek kalteak ekiditeko politika bat daramate aurrera, horrek dituen muga guztiekin. Azkeneko eztabaida, Alemaniak eta Banku Zentralak bultzatua, defizit mailak gainditzen dituzten herrialdeak zigortzeko neurriei buruzkoa da. Zigor ekonomikoak ez ezik, zigor politikoak ere ezarri nahi dituzte, horien artean deigarriena Kontseiluan boto-eskubidea galtzea. Neurri horiek planteatuz egonkortasun ekonomikoa ziurtatzeko egonkortasun politikoa kinkan jartzeko prest daudela erakusten dute.