GARA > Idatzia > Kultura

Latinoamerikar zinemaren jaialdia hasi da Biarritzen, epaimahaikoak aurkeztuz

Gare du Midi aretoan egindako ekitaldiarekin abiatu zuten bart Biarritzen Latinoamerikako zinemaren eta kulturaren jaialdia. Gaur hasiko dira zinema aretoetan film eta dokumentalen proiekzioak, eta horiez gain, Brasili eta Lulari buruzko topaketak ere antolatu dituzte.

p048_f01_152x136.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Dokumental, fikzio eta film laburren sailetan, astebeteko lehian parte hartuko duten lanen artean aukeraketa egiteko hiru epaimahai osatu ditu Biarritzen Latinoamerikako kulturari eta zinemari eskainitako jaialdiak. Film luzeen saileko epaimahaiko burua Patrick Chesnais frantses aktore eta zinemagilea da, eta berarekin, Luis Sepulveda txiletar idazlea, Marion Vernoux frantses zinemagilea, Martina Garcia kolonbiar aktorea eta Milena Poylo film ekoizlea elkartuko dira epaimahai horretan, hamar filmen artean Urrezko Besarkada saria nork irabaziko duen erabakitzeko.

Atzo egin zuten hasierako ekitaldia, urtero bezala, epaimahaikideen aurkezpen ofizialarekin. Hala, sail bakoitzeko filmak epaitzeko aukeratuak izan diren zinemagile, aktore zein idazleak ikusleei aurkeztu zizkieten Gare du Midi aretoan.

«Epaimahaikideak aukeratzeko orduan, frantziar eta latinoamerikar ordezkariak nahasten saiatu gara», azaldu zuten antolatzaileek. Aurtengo gonbidatu bereziak ere agertu ziren atzoko ekitaldian: batetik, Edgar Ramirez aktorea, eta bestetik, Carlos Reygadas eta Guillermo Arriaga, atzo eskainiriko «Revolucion» eta «El Pozo» filmen egileak.

Irekiera ekitaldia hasi aurretik, bi argazki erakusketen estreina egin zuten, jaialdiak Biarrizko kasinoan hartu duen eremuan paratuak. Christian Poveda 2009ko irailaren 2an zendu zen zinemagile eta argazkilariaren «Les maras» da horietariko bat. Izan ere, El Salvador, Kolonbia, Nikaragua eta Peruri buruzko hainbat erreportaje egin ondoren, El Salvadorreko Maras gangei buruzko erreportajea egiteari ekin zion Povedak 2004an, «Paris Match» astekarirako. «Salvatrucha» eta «18» deitu talde etsaien ezagutza egin eta 130 erretratu landu zituen, eta ondoren «La vida loca» filma egitea erabaki zuen. Argazki erakusketaz gain, filma ere ikusi ahal izango da, ondoko ostegun eta ostiral arratsean, Le Royal zinema aretoan. Ondotik, Salbadorreko gangei buruzko hitzaldia izanen da. Christian Poveda «La vida loca» filma egiten ari zela zendu zen El Salvadorren.

Atzo zabaldu zuten bigarren erakusketa «L'autre versant du monde» (Munduaren beste aldea) izenekoa da. Jacques Borgettok Argentinan egindako argazkiak ikusgai dira bertan. Erakusketarekin batera, jaialdiaren karietara, argazki horiek biltzen dituen liburua kaleratuko da, eta Borgeto bera Biarritzen egonen da aurkezpenerako.

Lula aztergai

Gaur hasiko dira Biarrizko zinema aretoetan filmen proiekzioak. Dokumentalen lehiaketan parte hartzen duten «Presunto culpable» edo Boliviako Juan Carlos Valdivia zinemagilearen «Zona sur» filmak ikusi ahal izango dira goizetik. Baina, aretoetan azalduz joanen diren pelikulez gain, gaur abiatuko dituzte unibertsitate topaketak. Urrian Brasilgo hauteskundeak izanen direla-eta, Lula presidentea izanen da gai nagusia.

KONTZERTUAK

Biarrizko Kasinoan jaialdirako prestatu duten eremuan, gauero festa giroa izango da nagusi. Atzo Buenos Aireseko Onda Vaga taldeak jo zuen. Gaur ere beraiek arituko dira, eta era askotako erritmoak zabalduko dira datozen egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo