GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Hodeien artean zirrikitua eginda

Udak eman ditu bereak eta, eguraldiak eguraldi, jarria dugu burua udazkenean, kolore arreen urtaroan, malenkoniarenean. Itzal eman diguten hostoek bereak egin dituztela pentsatu, eta lurrerako bidea egingo dute pixkanaka, ondoren etorriko direnei lekua eta indarra emateko. Zelaietako loreek jada inork begiratuko ez dituela pentsatuta edo, gorde egiten dituzte beren jantzi koloretsu eta deigarriak, garbitu, atondu eta aurrerago berriz ere janzteko prestatzeko; etxerako bidea hartzen dugu gehienok, erretiroarena, hausnarketarako sasoia dela baitiote udazkena, barrura begiratzekoa... Soroetara joateko sasoia ere bada, ordea, askorentzat, udan eguzkipean egindako lanak emandako fruituak jaso eta aurrerago jasoko diren uztak ereitekoa. Ekitekoa, alegia.

Euririk egiten ez duten tokietan, sirimiriari ere gorazarre egiten omen diote. Beti eguzkia duten tokietan lainoaren itzalak, berriz, desio... Batek esango luke kontrakotasun kontua dela, etsi ezina, ez dugun horren inbidia. Ez dugun hori desio izatea kasu askotan baina behar kontua da.

Udazkenean sartuta ere, Euskal Herrian behinik behin eguzki izpiak ageri zaizkigu zeru zabalean, arnasaldiak bailiran, epel, goxo. Aspaldian espero genituen horietakoak dira, esperantzarenak, soroetako uztaren gisakoak, saiatuaren saiatuz lortu direnak, landutakoak eta zalantzarik gabe, landu beharrekoak... Hodeiak parean jarrita ere, horiei iskintxo egin eta ageri zaizkigu. Herritik eta munduko hainbat txoko eta gela ilunetatik iritsitako haizeak aldentzen baititu estalkiak, itxaropenari ateak itxi nahi dizkieten horien saialdiak.

Egunsentian argiak leiho bazterretik sartzeko duen gaitasun berberarekin egiten dute laino zahar eta trumoitsuen artetik leku izpi hauek, geldiezinak baitira. Horiek ezin saihestuta dabiltza beste behin laino zaharren lagunak, ezjakin, inozo. Tapatuta ere nahigabean argiak leku egin eta zirrikitua topatzen duela onartu gabe, lehorte garaian euri izpien gisa herriak jasoko dituela ulertu gabe; erein eta mimoz zaindutako soroko fruituen loratzea espero den modu berberean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo