GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Minbizia edo alzheimerra sendatzera iritsiko gara, baina eritasun berriak izango ditugu»

p022_f02.jpg

Aaron Ciechanover
2004ko Kimikako Nobel sariduna

Haifan (Israelgo Estatua) jaioa, 2004an Kimika Nobel saria jaso zuen Avram Hershko eta Irwin Roserekin batera proteinen degradazioaz egindako ikerketengatik. Atzo Donostian «Passion For Knowledge» jardunaldien irekiera ofizialean parte hartu zuen «Gaixotasun guztiak sendatuko ditugu?» hitzaldiarekin.

M.E. | DONOSTIA

Ikertzaileak egungo gaixotasun asko sendatzeko gai izango direla zalantzarik ez du, minbizia edota alzheimerra kasu, «baina gaixotasun berriak sortzen dira une oro» eta horiei erantzuteko gai izango diren «ezin jakin». Minbiziari aurre egiteko tratamenduak erronka dira egun eta horiek fintzen dihardute; gaixotasunari erantzutea besteko garrantzitsutzat jotzen du, ordea, horiek saihesteko lan egitea.

Zure hizketaldiaren izenburura jotzea ezinbestekoa da. Iritsiko gara gaixotasun guztiak sendatzera?

Erantzuten zaila den galdera da hori. Aurrerapen handiak gertatzen ari dira arlo honetan eta gaixotasun asko sendatzeko gai izatera iritsiko gara, zalantzarik gabe, minbizia eta alzheimerra esaterako; baina gero eta gehiago bizi gara pertsonok eta gaixotasun berriak sortzen dira aldi oro; horiek sendatzera iritsiko garen ezin dugu esan, zientziatik harantzago baitago hori.

Zeintzuk dira egungo erronka nagusiak?

Oraintxe bertan erronka handiak ditugu esku artean. Egun asko lan egiten da alzheimerra bezalako buruko gaixotasunei aurre egiteko, minbizia sendatzeko, baita infekzioak sendatzeko ere. Erronka faltarik ez da, eta etorkizunean ere ez da faltako.

Minbizia aipatu duzu, jendea zain dago gaixotasunari aurre egingo dieten terapiak noiz iritsiko; non zaudete?

Lan handia egiten ari da minbiziari aurre egiteko sendagaiak bilatzen eta minbizi mota batzuk sendatzetik gertu gaude. Baina beste bide batzuk lantzea ezinbestekoa da. Diagnostiko goiztiarrak ikaragarri lagunduko du, esaterako; bularreko minbiziaren kasuan oso-oso garrantzitsua da emakumeek azterketak egitea eta minbizia izatekotan hau fase goiztiarrean atzematea. Bizitzeko dugun moduan ere erreparatu behar da zalantzarik gabe. Erretzaile izateak edota gizentasunak eragina du minbizia garatzerakoan. Gaixotasunak sendatzeko moduak aurkitzeko egiten diren saialdiak bezain garrantzitsuak dira horiek saihesteko egiten direnak, prebentzioa da sendatzeko lehen modua. Kontuan izan behar da, izan ere, minbizi batzuetan garrantzia duela herentzia genetikoak, baina beste batzuek bizi estiloan dute jatorria, jateko moduan, ingurumenean...

Taila bakarreko medikuntzatik medikuntza pertsonalizatura pasatuko garela esan duzu. Neurrira egindako tratamenduak?

Pertsona bakoitzari egokitutako medikuntzaz baino tumore espezifikoetara egokitutakoaz mintzo naiz, batez ere. Bularreko minbizian, esaterako, tumore ezberdinak egon daitezke, eta bakoitzari tratamendu bat eman behar diogu. Minbizi guztiak ezin dira modu berean tratatu; hori ikasi dugu, behintzat.

Tratamendu bakoitzari ere pertsona guztiek ez diote, ordea, modu berean erantzuten.

Bai, bakoitzak modu batean erantzun diezaioke droga jakin bati, eta hori aztertzea eta pertsona bakoitzari tratamendua egokitzea etorkizuneko lana izango da, zalantzarik gabe, baita gaitzak aurreikustea ere.

Espezializatzearen garrantzia nabarmendu izan da askotan, baina diziplinarteko lana alor hauetan oinarrizkoa da, ezta?

Ezagutza zabala dago gaur egun, eta jendeak gauzen oinarrietara jotzen du, horregatik espezializaziora jotzen da, ezinbestean. Asko jakin behar du jendeak gai baten inguruan galdera berriak egiteko, eta ezagutza handitzeko. Baina alor ezberdinak jorratu eta ezagutza handitzeko modu bakarra edo eraginkorrena diziplina ezberdinetako jendea batzen duen taldeetan egotea da. Horiek, talde indartsuak sustatu behar dira. Ezagutza multidiziplinarra pertsona bakarrak izatea ezinezkoa da.

Zoriak ekarri ditu aurkikuntza asko, baina, zoria ere topatu egin behar.

Zalantzarik gabe zoriaren pare egon behar da. Gauza asko kasualitatez edota horiek bilatzen aritu gabe topatu dira, baina hori gertatzeko beharrezkoa den mailan egon behar du ikertzaileak, beharrezkoa den tokian, alegia. Eta leku batzuetatik bestera asko aldatzen da ikerketa maila. Ameriketako Estatu Batuetan esaterako, askoz ere diru gehiago bideratzen da ikerketara beste leku batzuetan baino, eta horrek noski, nahita edota nahi gabe etortzen diren aurkikuntza gehiago egiteko modua ematen du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo