GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA musika

Sorbatz zorrotzeko gitarrak, koloreak noranahi zabaltzeko

p051_f01_148x92.jpg

Loiola ARETXABALETA

David Bowie jaunaren «Space Oddity» bozgoragailuetan zela plazaratu zen herenegun U2 taldea Anoetan, bateren bati esanguratsu egingo zitzaiona.

Hamarrak jotzear ziren laukote sonatuak europar bira osoan bezala «The Return of the Stingray Guitar» kantuarekin jarduna ireki zuenerako, eta gauerdia puntu-puntuan «Moment of Surrender» kantuarekin ekitaldia itxi zuenerako, hogeita lau kantu jo eta gero. Aurretik Interpol taldeak egin zituen betelanak, eta 21.00etan «Rosemary» kantuarekin agurtu zaleak.

Anoeta leporaino beteta, baina zaleak eroso, dantzarako toki nahikoa zegoela, the Claw (erpea, ingelesez) genuen «360º» birako izar nagusia, oholtza biribila babesten zuen lau hankako gailu harrigarria -oholtzak satelite gisara pasabide bat ere bazuen, musikariak jendearengana hurbiltzea ahalbidetzen zuena, bi zubi mugikorrei esker-. Baina, argi kolore anitzekin estadio osoa hegan jartzeko zuen gaitasun itsugarria agertu zuen arren, U2 laukoteak harritu gintuen aretoko edukierari ahalik eta etekin handiena ateratzeko bikain asmatutako Erpeak baino gehiago. Onerako harritu, taldekide zein zaleen aldetik gehiegikeriaz betetako zuzenekoa espero genuelako. Aurreiritzi kontuak.

Bai, bi ordutan 24 kantu jo zituzten atzo Bono («One» kantuan gitarra ere jo zuen), The Edge, Adam Clayton eta Larry Mullenek, erritmo biziz eta etenik gabe. Gainera, ibileran betiko harrotasun/keria agertu zuen Bonok speech sasi-politikoak mugatu eta pantaila bidez edo kantuen sarreretan baino ez zituen eman -Amnistia Internationalen edo iraniar iraultza berdearen aldeko keinuak tarteko- eta ahotsez sendo kantatu zuen ikuskizunaren eta jarraitzaile dantzazale nekaezinaren onerako. Sarreran «Kaixo!» bota zigun euskaraz, eta «ze gau ederra!» agurtu bukaeran, gaztelaniaz.

Zalantzarik gabe, talde handia dugu irlandarra, mundu osoan ezaguna izateaz gain, soinu propioa landu eta kantu ahaztezinak utzi dituena, sarri gogaikarri egiteraino, edo jasanezin zenbaitentzat. Ez dira alferrik 34 urte bete taldea sortu zutenetik, baina atzo trinko sumatu genuen laukotea. Protagonismo larregi barik ondo gidatu zuen gaua Bonok, eta musikari trebeak ditu taldekide. The Edge (sorbatza) batez ere -zenbat gitarra ezberdin jo zituen atzo ere?-, U2ren soinu ezaguterraza sortzeko ezinbesteko musikaria, eta ondorengo musikari belaunaldiengan eragina izan duena.

Kantu zerrenda orekatua

Irlandar laukotea azeri zaharra da eta azken laneko kantuek giroa hoztu arren -«No line to the Horizon» lanik entzunena izan genuen, lau kanturekin-, kantu zerrenda orekatua eman zuten hasieratik bukaerara, zuzenekoaren erritmora zein taldearen ibilbidea laburtzera begira.

Atzo kontrakoa idatzi genuen arren, azkenean taldeak ez zuen jo «North Star» kantua, eta sarreraz gain «Mercy» izan zen argitaratzear duten laneko lagin bakarra -ni fu ni fa, bata zein bestea-.

Kantu zaharrenak aipatzeko, urrian 30 urte beteko dituen «Boy» diskoko bakarra jo zuten, eta beste horrenbeste «War» hirugarren lanari dagokionez: «Sunday Bloody Sunday» -U2ren hirugarren lan luzea izan zen estatu espainolean agerturiko lehena-. «Joshua Tree» eta «Atchung Baby» lanek berriz, hiruna lagin izan zituzten, tartean sarrera ederrak dituzten «Mysterious Ways» eta «Until the End of the World» edo karaoke erraldoi bihurtu ziren «Where the Street...», «With or Whitout You» eta «I Still Haven´t Found...» ezinbestekoak -azken hau a capella 40.000 ahotsetara-.

Milurteko berriko «All That You Can't Leave Behind» eta «How to Dismantle an Atomic Bomb» lanetako bost kantu ere entzun genituen, tartean ederto sartu zitzaigun «Beautiful Day» diskotekeroa, «In a Little While» -neska bat oholtzaratu zuen Bonok, dantzalagun- edo «Vertigo» eta «City of Blinding Lights». Eta hasieran soinu kaskarrak bortitz astindu bagintuen ere, gutxinaka hobetuz joan zen kontua, gu geunden tokian bederen.

Kantu zerrendan baina, «Miss Sarajevo» bereziaz gain, alerik aipagarriena «Spanish Eyes» izan genuen, zuzenean azkenengoz 2001eko abuztuaren 8an jotako kantua (Bartzelona, Elevation Tour).

Ekitaldia mututu eta gustura zen batez beste 40 urteak ondo beteak zituen entzuleria. Eta inor ileetatik tiraka aurkitu ez bagenuen ere distira berezia zuten askok begietan. Kantu arrakastatsuenak jo eta nerabezaroak betiko iltzatutako kantuak belarrira kantatu eta «oparitu» baitzizkion U2k.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo