Arabarrak bertsolaritzara zaletzeko ikastaroak eta emanaldiak eskainiko dira abendura arte
GARA | GASTEIZ
Arabako Bertsozale Elkarteak eskualdean bertsozaletasuna zabaltzeko ahalegina egin du, baina, elkartetik aditzera eman dutenez, bertsolaritza ezezaguna da oraindik Arabako hainbat lekutan. Hori dela-eta, ikastaro labur nahiz bertso emanaldietan oinarrituta, arabarren artean bertsozaletasuna zabaltzeko proiektuari ekin diote. Ikastaroak hurrenez hurren Ozaeta, Araia, Añana, Zigoitia, Errioxa, Aiaraldea eta Mendialdean izango dira, urritik abendura bitartean. Edozein argibidetarako, 945 010 505 Bertsozale Elkarteko telefonoa zabalik da.
Asteburuan izango da bertsoak entzuteko paradarik. Lehena Elosuko jaietan. 19.30etik aurrera txosnagunean Manex Agirre, Iñaki Viñaspre eta Elyem Chej arituko dira. Urizaharreko jaietan bestetik, 20:00etan Oihane Perea, Izar Mendiguren eta Irati Anda izango dira, herriko plazan.