GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Miren Legorburu Ezker abertzaleko kidea

Minez, zutik!

Berriz etorri dira. Berriz, gauez, beldurra barreiatuz. Oraingoan ere ez dute esku hutsik alde egin. Oraingoan beste zazpi lagun eraman dizkigute.

Badakite mina ematen, badakite beldurra sortzen. Eta nirekin bai, nirekin lortu dute; haien eskuetan gerta dakiekeenaren beldur naiz. Alaba eraman didatelako mina dut erraietan.

Baina beldurra eta minak ez naute itsutu. Beti bezain garbi ikusten dut zer lortu nahi duten horrelakoetan. Ezker abertzaleak Euskal Herriarekiko duen konpromisoa hautsi nahi dute. Ezker abertzaleak askatasunerantz abiatutako ekinbide politikoa eten nahi dute. Euskal Herri askea eraikitzeko dugun determinazioa txikitu nahi dute.

Eta hori ez! Hori ez dute lortu! Ekidin nahi duten horrekin erantzungo diet, erantzungo diegu! Bide onean goazela jakiteak ematen digun kemenaz, mina eta beldurra lotu, lagunekin goxatu eta eskuak elkargurutzatuz ekin! Zutik Euskal Herria! Bidea gogorra izanik ere, garaipena eskura dugu eta guztion lanaz lor dezakegu. Ezker abertzale osoa, gutako bakoitza, determinazio osoz, ekinbide politikoan sakonduz, oraindik konpromiso handiagoz jar gaitezen lanean!

Bukatzeko, munduko herrietan barrena euskal ahotsa eraman eta munduko herri zapalduen ahotsa ekartzen diguzuen horiei, Askapeneko kideei, muxu bana. Lepoan hartu eta segi aurrera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo