Oņatiarrek ongietorri beroa egin zioten atzo Txantxikuaren irudiari
Egun politak datoz oñatiarrentzat. Gaur San Migel eguna dute; bihar, txosnagunean, emakumeen eta homosexualen eskubideen aldeko Egun Morea ospatuko dute; ostiralean bertsolaririk onenak izango dituzte herrian; larunbatean Herri Eguna ospatuko dute; igandean su ikuskizuna itzuliko da jaietara; eta astelehenean Errosaixo Bixamona egunak mozorrotutako jendez beteko ditu kaleak. Jaiak amaitu eta gero ere ekitaldi ugari izango da hilabete osoan.
Nagore BELASTEGI
Txantxikua herrira jaitsi da dagoeneko eta horrekin hasi dira ofizialki Oñatiko San Migel jaiak. Horregatik, datozen egunetan ondo pasatzeko aukera ugari eskaintzen dituzte egitarau ofizialak eta herrikoiak.
Jai herrikoien karpan babarrun jate herrikoia egingo dute gaur. Horren ostean gazteak pilota txapelketaren finalera joatekoak baziren ere, datorren urterako utzi beharko dute, bertan behera gelditu baita. Hala ere, ziur ondo pasatuko dutela 21.30ean txosnagunean kontzertuak hasi arte. Gaur herriko taldeei tokatzen zaie gauari erritmoa jartzea. Kontaminazion Akustika, CC627 ez! eta Drakes taldeek eskainiko dute emanaldia.
Bihar, Egun Morea ospatuko dute. 12.00etan txistu-bertso-poteoa hasiko da, eta bi ordu zurrutean ibili ondoren bazkaltzeko ordua iritsiko da. Bazkari feminista izango da oraingoan, eta txartelak bost euroren truke Arrano eta Ona tabernetan erosi ahal izango dira.
17.00etan, «Ogiyik ekarri etzun semia» antzezlana hasiko da, eta 18.00etan transexual eta homosexualen aldeko «TransMariBollo» kalejira hasiko da. Gau horretako kontzertuak 21.00etan hasiko dira, eta Ania, Mikaela Piton eta Furia taldeek joko dute. Kontzertuak amaitu eta karpa itxi ondoren, gaztetxean parrandan jarraitzeko aukera izango du nahi duenak, bertan after festa egingo baitute goizeko ordu txikiak arte.
Ostiralean arratsaldetik aurrera izango dituzte ekitaldiak. 19.00etan «kaleblock» herrikoia hasiko da eta 21.00etan afari herrikoia egingo dute. Txartelak hiru euroren truke salduko dituzte Ona tabernan. Ordu erdi geroago Festi Kallejerua kontzertu jaialdia hasiko da. Bertan Klabo Oxidado, Nos la Suda, Annunaki Revenge eta Karbaka taldeek hartuko dute parte.
Jaietako azken egunetarako ekitaldi gutxiago prestatu dituzte karpan. Hala ere, larunbatean, 19.30etan euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekitaldia egingo dute eta, 21.00etan, Txato Plato eta Miren, Agur eta Gorka taldeen kontzertuak hasiko dira.
Igande arratsalderako tortilla txapelketa antolatu dute eta, 22.00etan, «Jaia bai, borroka ere bai» bideo emanaldia hasiko da. Astelehenean Erroxaixo Bixamona eguna ospatzen dute, jaien azken eguna, eta ondo amaitzeko, 14.00etan paella jatea izango da. Txartelak, aurreko herri bazkarietan bezala, bost euroren truke erosi ahal izango dira Arrano eta Ona tabernetan. 17.00etatik aurrera talde desberdinen abesti ezagunen bertsioak izango dira entzungai karpan.
Egitarau ofizialak egun gehiago hartuko ditu bere baitan. Hasteko, gaurko eguna indartsu dator, San Migel eguna ospatzen baitute. Goizean goiz hasiko dira oñatiarrak musika giroan, txistulari bandaren eskutik. Goiz-eresiaren ostean, plater tiraketa, meza, kalejira eta herriko musika bandaren kontzertua izango dira.
Umeek goizez eta arratsaldez haur parkea izango dute Etxaluzen eta, 18.00etan, unibertsitate aurrean «Lizargarateko Txamao» herri antzerki saioa hasiko da eta, plazan, ordubete geroago, L'explorateur taldearen kale antzerkia. Gauean, berriz, Damba taldeak mundu osoko musika estiloak joko ditu plazan.
Bihar, 11.00etatik 13.00etara, Txantxi Biri ludoteka ibiltaria izango da Portuko plazatxoan, baina 2 eta 8 urte arteko haurrak besterik ezingo dira bertan jolastu. Amaitzen denean plazan Alma Latina taldeak boleroak, salsa eta Nafarroako jotak eskainiko ditu.
Arratsaldean, 16.30etik 17.00etara poneyak eta zezentxoak izango dira plazan. 16 urtetik beherakoek ezin izango dute sokamuturrean parte hartu. 18.30ean Garibaldi talde mexikarrak kalejira hasiko du eta gero kontzertua emango du plazan.
Ostiralean bertsolariak izango dira 22.30ean pilotalekuan; hain zuzen, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Jon Maia arituko dira.
Asteburuaren ostean, ajea
Larunbatean Herri Eguna ospatuko dute, eta txosnagunean gauza gutxi prestatu badituzte egitarau ofizialean asko daudelako da. Goizean txistulariek alaituko dituzte kaleak jendea unibertsitate ingurura gerturatzen joateko.
Bertan, 10.30etik aurrera herri mailako behi, asto, zaldi, behor eta pottoka erakusketa, ardi, ahari eta bildots lehiaketa, gazta lehiaketa, fruitu eta barazki lehiaketa, lore eta landare erakusketa eta artisau erakusketa izango dira. Jendea azokan dagoen bitartean, 11.00etan, Oñatiko musika eskolako trikitilariak eta Tolosako gaiteroak herriko kaleetan ibiliko dira.
Eguerdian, XXIV. sagardo dastaketa hasiko da plazan. 14.30ean sabela betetzeko aukera izango da, eta Zubikoa kiroldegian herri bazkaria egingo dute. 18.00etan, herri-kirol jaialdia izango da plazan eta 20.30ean Trikitake taldeak erromeria eskainiko du; eta atsedena hartu ondoren, 23.30ean jarraituko du.
Igandean, goiz-eresia eta elkarmezaren ondoren, musika bandak kalejira hasiko du. 12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara haur eta gaztetxoek zezen mekanikoa, puzgarriak eta quads pista eta guzti izango duen parkean jolastu ahal izango dute.
18.00etan, Hortzmuga taldeak «Olimpikas 2010» kale antzerkia eskainiko du plazan. Jarraian, La Dama orkestrak dantzaldiari ekingo dio. 20.30etan balkoitik balkoirako bertso saioa izango da Julio Soto eta Iñigo Manzisidor «Mantxi»ren eskutik kale zaharrean.
Iaz ez zen su festarik izan eta oñatiarrek hutsune hori nabaritu zuten. Hori dela -eta, aurten Udalak ikuskizun hori berreskuratzea erabaki du, eta berrikuntza batekin gainera; argia eta musika uztartuko dituzte. Su ikuskizuna 23.00etan izango da plazan.
Astelehenean egun berezia ospatuko dute oñatiarrek, Errosaixo Bixamona eguna, alegia. Goizez eta arratsaldez poneyak, zezentxoak eta sokamuturra izango dira plazan. Eguerdian musika banda mozorrotutako jende artean ibiliko da kaleak alaitzen, eta jantzi dotoreenak sarituko dituzte gero. 18.30ean Klowntukadak kaleak dantza eta perkusioz beteko ditu. Ordu berean, Egan taldeak gaztetxoentzako emanaldia eskainiko du plazan.
Jaietatik at
Esan bezala, egitarau ofizialean ekitaldi ugari prestatu dituzte, baita jaiak amaitu eta hurrengo egunetarako ere. Urriaren 9an , esaterako, XXVII. Arrasate-Oñati herri lasterketa ospatuko da. Hori amaitutakoan gainera, okela dastatzeko aukera izango dute korrikalariek zein plazara gerturatzen diren guztiek.
Urriaren 10ean, 19.30ean Verdini dantza taldeak «Dantzaria naiz» ageriko emanaldia eskainiko du plazan, eta gero Lorea Igartua eta Nahia Iparragirre dantzariak gitarra eta biolinaren doinuekin dantzatuko dira «Lorearen nahia» ikuskizunean.
Urriaren 15etik 17ra, «La frontera, mezcla entre culturas» argazki erakusketa izango da kultur etxeko erakusketa gelan, egunero arratsaldeko seietatik zortzietara. Amaitzeko, urriaren 16an, 19.00etan, Jose Mari eta Migel Angel Arzuaga anaien aldeko meza egingo dute, Agustindarren elizan. Gero, Coro de Voces Graves de Pamplona taldeak kontzertua eskainiko du haien omenez.
24. sagardo dastatzean Euskal Herriko hogeita lau sagardotegi inguruk hartuko dute parte. Horien artean Gipuzkoako aurtengo txapelduna izango da, Adunako Zabala.
Arratsaldeko zortzi eta erdietatik gaueko hamaika eta erdietara borondatezko alkoholemia kontrola izango da Unibertsitate Etorbidean. Bertan kontrolak egiteaz gain, informazioa ere emango dute.