Euskal Elizaren norabidea Icetaren ahotan
Nabari dira oso euskal Elizan izandako mugimenduak, ohiko gotzain aldaketak baino garrantzi handiagoa dutenak, azken urteotako aldaketa guztiak euskal Eliza bide kontserbadore eta espainiarzaleetatik zehar eramateko funtsezkoak dira eta. Iruñeko artzapezpiku militarraren izendapenarekin hasi eta hilaren 11n Mario Icetak Bizkaiko gotzain karguaz jabetuta bukatuko da euskal Elizaren hierarkia berritzeko prozesua. Beharbada inork apezpiku horien profilari erreparatuta, kasualitatea sumatuko du. Baliteke. Beharbada kasualitatea irudituko zaio, testuinguru berrian, Loiolako jesuiten probintzia -bere baitan Hego Euskal Herriko lau herrialdeak dituena- espainiar probintzia bakarrera sartuko den albistea. Baina beste askok, euskal kristauen komunitatetik kanpokoek zein haren barrukoek, Madrilgo artzapezpikuak ordezkatzen duen eliz eredua ikusten dute «kasualitate» horietan. Mario Icetaren izendapenak, aurrekoek bezala, polemika ez ezik, euskal kristauen sektore zabalen protesta ere eragin zuen. Bizkaiko apezpikuak berak oraindik orain aitortu zuenez, euskal Elizan «sentsibilitate desberdinak» daude, bi euskal eliza ote dauden galdetu ziotenean, baina nahiago «komunioa» hizpide hartu. Horixe du mintzagai, besteak beste, gaur GARAk argitara eman duen elkarrizketan, arlo eta kontu ugariren gaineko galderei erantzuteko.