GARA > Idatzia > Kultura

Oihana Bartraren bertsoak nagusitu dira Mungian, lehenengo kanporaketan

p039_f01_97x128.jpg

GARA | MUNGIA

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa jarraitzeko, 300 bat lagun batu ziren igande arratsaldean Mungiako Olalde aretoan. Oihana Bartra (Bilbo, 1984) nagusitu zen bertan, 412,5 puntu eginaz, eta, beraz, zuzenean lortu du finalaurrekoetarako txartela. Gernika-Lumoko saioan izango da, abenduaren 5ean.

Mungian aritu ziren gainerako bertsolariek -Xabier Enbeita (370,5), Ander Elortegi (361,5), Itsaso Paia (349), Julen Erezuma (342) eta Julen Sololuze (340)- puntuaketen zain egon beharko dute.

Bilbotar gaztea egin beharreko ariketa guztietan nagusitu zen puntuetan. Ofiziotan zortziko handi zein txikian, bakarka puntu erantzunean, baita kartzelan ere berak batu zituen gehien.

Bartra irakaslea da Loiuko Lauro ikastolan. Santutxuko bertso eskolako kidea da eta lau aldiz izan da Bilboaldeko txapelduna. Bizkaiko txapelketan 2002, 2004, 2006 eta 2008an parte-hartzaile izan da, eta azken hiruretan finalaurrekoetara iristea lortu zuen. 2009ko Txapelketa Nagusian ere entzun genuen kantuan.

Hurrengo kanporaketa saioa datorren igandean izango da, Balmasedako Klaret antzokian, 17.30ean hasita. Kantuan beste sei bertsolari arituko dira: Joseba Artza, Asier Legarreta, Iker Belaustegi, Iñaki Iturriotz, Lander Ibarluzea eta Jone Uria. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Bernar Mandaluniz izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo