GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Eta orain, lapurreta

 

Aritz SOUND SYSTEM Kazetaria eta musika adiktoa

Zorigaitzak ez omen datoz banaka. Aurreko zutabean zilborrari begira jarri eta, zeharka bada ere, azken hilabeteotan dugun osasun pattalaren berri ematen genuen. Beno ba, orain lapurreta baten berri eman behar dizuegu. Duela bi aste, ezezagun batzuek azken hamar urteetan gure bizitzaren parte garrantzitsua izan den soinu-ekipoa lapurtu digute. Bafle, anplifikadore, nahasketa-mahai, soinu-irakurgailuak, mikrofonoak, kableatua eta abar. Sinestezinik gaude oraindik. Europa mailan biztanleko polizia gehien duen lurraldean furgoneta bete soinu-ekipoa lapurtu eta inongo arrastorik uzten omen ez duten gertaerak izaten dira (polizia gehiago izateak ez duela «delitu» gutxiago egotea esan nahi erakusten du, besteak beste).

Lapurreta gertatu ondoren eman beharreko pausoak, berriz, ez dira batere atseginak izaten; polizia-etxean denuntzia jarri, inplikatutako jendeari azalpenak eman, aseguruaren (izatekotan) amesgaiztoa eta ekipo berria lortu behar izatea (alokatuta edo erosita). Aseguruarena bereziki desatsegina izaten da. Urteetan kuota potoloak zintzo ordaindu eta gero, teorian lagun behar zuena etsai bilakatu daiteke. Tramite eta burokrazia astun eta amaigabea, oztopo eta trabak nonahi, mesfidantza (gaizkilea zu izango bazina bezala) eta kalte-ordainak pagatzeko garaian trikimailu legal guztiak erabiliko dituzte, ahalik eta diru gutxien berreskuratu dezazun. Zorionez, azken urteotan soinu-ekipoak lortzea gero eta errazagoa da (prezioak -kalitatearekin batera- merkatu dira eta gero eta jende gehiagok ditu) eta jende askok esan dezake, alde horretatik, ez dela horrenbesterako kontua. Soinu-ekipoa zure tresna denean, ordea, gauzak desberdin ikusten dira. Musikari bati urteetan erabili eta landu duen instrumentua lapurtzen badiote, galera ekonomikoaz baino zerbait gehiagoz ari gara. Sound System formatua lantzen dugunontzat soinu-ekipoa da gure instrumentua eta, beste ekipo bat lortu ahal izanda ere, ez da gauza bera. Urteetan landu eta prestatutako soinua ordezkatzea ez da egun batetik bestera egiten. Tontakeria izango da askorentzat eta ez da erraza azaltzen, baina potentziaz eta bolumenaz gain, soinuari garrantzia ematen dionak badaki zertaz ari garen.

Galera ekonomikoari dagokionez, berriz, askotan aipatu izan dugu saioak ordaintzeko garaian ez direla normalean horrelako gauzak kontuan hartzen. Ekipoak (onak) garestiak dira eta urteetako inbertsioa izaten dira, erabilpenarekin apurtzen doaz eta mantenua eta konponketak garestiak dira. Zer esan, milaka euroko lapurreta gertatzen denean eta horri buelta eman behar diozunean. Musikarien (eta bereziki disko-jartzaileen) munduan kontuan izateko beste kontua, beraz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo