GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ikasbidea Ikastolako ikasleak

Lakuak autobus zerbitzua kendu diela-eta, etxean bazkaltzerik ez

Eguerdian, eskola amaitutakoan, etxean edota ikastetxeko jantokian bazkaltzea gurasoek zein ikasleek hartu beharreko erabakia da. Alta, Duranako ikastolako hirurehun bat ikaslek derrigorrez jantokian bazkaldu behar dute. Lakuako Gobernuak hirigunetik kanpo bizi diren ikasleei eta aurten sartu berri direnei autobus zerbitzua kendu die.

p014_f01_148x132.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Duranako Ikasbidea ikastolako hirurehun bat ikasleren gurasoak erabakitzeko aukerarik gabe geratu dira aurten. Aukeran izan beharko lukete beren seme-alabak eguerdian bazkaltzera etxera itzultzea edo ikastolako jantokian bazkaltzea, baina bigarren aukera inposatu die Lakuako Gobernuak.

Ikasbidea ikastola Gasteiztik bost kilometrora dago eta ikastetxera iristeko garraio publikorik ez dago. Durana herrira lineako autobus bat egon badago, zentroaren ordutegiekin bat ez datorrena. Hortaz, orain arte, ikastolak kudeatutako autobus zerbitzuaz baliatu izan dira bertako ikasleak.

Iragan apirilean, ordea, gurasoak zur eta lur geratu ziren Hezkuntza Sailak jantokiaren kudeaketa bere gain hartu eta, era honetan, eguerdiko autobus zerbitzua kenduko zuela jakinarazi zienean. Gurasoek, neurri honen aurka agertu, eta batzorde bat eratu ostean, Arabako Hezkuntza ordezkaritzak zerbitzua beste urtebetez mantenduko zuela jakinarazi zion Ikasbideko guraso elkarteari.

Hala eta guztiz ere, Hezkuntza ordezkaritzak hartutako erabaki berri honek ez ditu kontuan hartzen aurten sartu berri diren ikasleak eta inguruko herrietan bizi direnak. Hori dela eta, egun, etxera bueltatzeko modurik ez duten 300 bat ikaslek derrigorrez jantokian bazkaldu behar dute.

Gurasoak, irtenbide eske

Egoera hau konpontzeko bidean, zenbait ekimen abiarazi ditu guraso elkarteak. Atzo bertan Gasteizko Gobernuaren aurrean elkarretaratu ziren. Gurasoek lagunduta, ikastetxeko dozenaka neska-mutilek parte hartu zuten protestaldian.

Kanpoaldean protesta egiten ari ziren bitartean, guraso elkarteko presidente Gabriel Uriartek Hezkuntza ordezkaritzarekin hitzordua zuen Lakuan. Bileran, Lakuako ordezkariek gutxi gorabehera hiru aste barru, egoera aztertu eta gurasoen eskakizunak kontuan izanda, behin betiko erantzun bat emango dietela zehaztu zuten. Horren haritik, guraso elkarteko ordezkariek aditzera eman zutenez, Lakuak bere horretan jarraituko duelakoan daude eta aurrerantzean ikasle berriei eta hirigunetik kanpo bizi direnei eguerdiko autobus zerbitzurik gabe utziko dituela uste dute.

Hirurehun bat familiak pairatzen duten arazo hau konpondu arte, Ikasbidea ikastolako guraso elkarteak mobilizazioei edota bestelako ekimenei eutsiko die. Besteak beste, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari gutun ireki bat idatzi diote, eta hilaren 26an Gasteizko Legebiltzarrera joango dira, bertan afera honen inguruko legez besteko proposamena eztabaidatuko dutelako.

Zergatiaren bila

Ehunka ikasle baztertu eta eguerdian etxera joateko aukera zapuzten duen erabakiaren atzean zer dagoen ez dute ulertzen. Hasiera batean, erabakia arrazoi ekonomikoek eragindakoa izan zitekeela pentsatu bazuten ere, egun ez dute uste hala denik.

Kalkuluak egin ostean, jantokian 300 ikasle gehiagok bazkalduz gero, administrazioak 300.300 euro gehiago gastatuko dituela ondorioztatu dute eta, hortaz, ez dute erabakia zentzuzko jotzen gurasoek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo