Lau eta Erdiko Txapelketa
Kaiolan ere aitabitxi bera
Lemuno, Lasaren aurka, profesionaletan debutatu zueneko zarataz eta galdutako aukeraz oroitzen da.
Jon ORMAZABAL
Gauzak oso azkar doazkio Stephane Lemunori. Maiatzaren 3an profesionaletan debuta egitea eta Bigarren Mailako txapelketako lehen partida jokatzea batera egokitu zitzaizkion, Iker Arretxek Lehen Mailakoan min hartutako Aimar Olaizolaren lekua hartu behar izan zuelako. Patuak hala nahita agian, bost hilabetera, Lehen Mailako Lau eta Erdikoan egingo du debuta gaur, Urretxun, kolonbiar jatorriko lapurtarrak eta, beste behin, Aritz Lasa izango du aurkari eta aitabitxi.
Txapelketa horretan urretxuarrak txapela eskuratzea lortu zuen, baina Lemunoren aurka izugarri sufritu behar izan zuen. Lehiaketako unerik zailenak Tolosan izan zituen, bere ezohiko jokoarekin 21-16 aurretik ibili baitzen Asegarcekoa. Lemunok -baita Aritz Lasak ere- oso gogoan dauka egun hura eta profesionaletan emandako bost hilabeteek egun hartako akatsak ez errepikatzeko balio izan diotela uste du.
«Bestelako debuta da, oraingoan eskarmentu apur bat gehiago daukat eta niretzat oraingoa askoz egokiagoa da. Orduan profesionaletan jokatzen nuen lehen aldia zen eta oso desberdina da dena. Zarata handia dago kantxan, artekariak hizketan entzuten nituen, oihuak, presioa, jendea frontoian egoteko era... niretzat dena berria zen eta oso desberdina. Orain apur bat ohitu naiz honetara», gogoratu zuen GARArentzat Urretxuko Ederrena pilotalekuan.
Urduritasunari egotzi zion 22ra iritsi ez izana eta halakorik berriro ez gertatzea espero du, nahiz eta ondo dakien Aritz Lasa etxean ariko denez, haren jarraitzaile beroek, zarata behintzat, sekulakoa egingo dutela. «Oso urduri jarri nintzen, azken sakea egin, berak errestoa entregatu egin zidan eta buruak izorratu zidan garaipena, irabazi egingo nuela uste izan bainuen. Buruak lan handia egin zidan eta hori berriz ez dela gertatuko iruditzen zait, frontoian egoten ikasi dut», aitortu zuen.
Distantzia ere aldatu egingo da. Hura kantxa osoan izan zen; gaurkoan, berriz, lau eta erdian aritu behar izango dute, eta Lemunok ez daki ondo nola erantzungo duen. «Oso gutxitan jokatu dut, hiru partida baino ez ditut jokatu lau eta erdian eta ikusi egin beharko da nola moldatzen naizen», azaldu zuen.
Joko eroa
Aritz Lasak, ordea, oso gustuko du kaiolako jokoa. Afizionatuetan distantzia laburrean jokatu zuen gehien eta punta-puntan izan zen beti, Eliteko txapela eskuratu zuen. Elgetan gertu ibili zen. Frontisen ere Nagore espezialista handiari irabazita dago urretxuarra eta iaz, Iker Arretxe kanporatu ostean, Oinatz Bengoetxeari sekulako lanak eman zizkion Labriten.
Bere estatusean izandako jauzia dela eta, udan partida eta estelar asko jokatuta dator eta «iaz baino justuxeago» heltzen dela uste du, nahiz eta beheraldia abuztu bukaeran izan zuen. Kantxa osoan asko sufritu zuen Lemunoren aurka, eta gaurko ere lehia oso aldrebesa espero du. «Berak ez du botera jokatzen, oso joko eroa egiten du, airez jartzen da eta aldrebestu egiten du, bere jokoan sartzera behartzen zaitu. Denoi bezala, bere jokoa gaizki datorkit, baina kaiolan agian desberdina izango da», azaldu zuen Aritz Lasak.