Zalantzarako tarterik uzten ez duen lan bikaina sarituta, zalantzarako tartea uzten duen sari batez
Hamaseigarrenean aidanez», «Otto Pette» eta beste zenbait narrazio lan gogoangarriren egileak, haur literaturan eta saiakeran ere maisu denak, Espainiako Saiakera Saria irabazi du «Eskarmentuaren paperak» lanagatik; eskarmentu handia duen arlo batez egindako hausnarketagatik, hain zuzen, ukaezina baita Anjel Lertxundik eskarmentua izateaz gain, kalitate handiko lana ere baduela egina. Euskal Herrian, ezagunen den lekuan, ez dago inolako zalantzarik Lertxundiren kalitate literarioaren gainean eta, beraz, horrelako edozein sari merezi duela, baita bere irakurleen zorionak ere, irabazi berri duen sariagatik bainoago bere ibilbide literario oparoagatik. Orain Espainiatik iritsi zaio aitorpena eta, horretara, beste sari «nazional» bat etorri da Euskal Herrira. Eta Lertxundiren obraren gainean dudarik ez badago ere, mesfidatienek -handik nahi baino maizago gaizki pentsatzeko motiborik ere etorri ohi denez- beharbada gibel-asmoren bat sumatu dute euskara eta euskal literaturarekiko, kasurik onenean, mespretxua izan duenarengan, Euskal Herria bera izatea ukatzen duen horrengan; esaterako, euskal literaturaren espainiartasuna aldarrikatzea.