GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herriko ikasleak ere, erretreta erreformaren aurka protestan

p020_f01.jpg

GARA |

Erretreten inguruko lege berriaren aurkako jarrera gero eta ageriagoa da Estatu frantsesean ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere. Atzo, Baionako lizeo nagusietako 1.000 bat ikaslek lege egitasmoa bertan behera utz dezatela aldarrikatzen eman zuten goiza Lapurdiko hiriburuko karriketan.

Paul Bert ikastetxean hasi eta San Leoneko bidegurutzean elkarretaratze jendetsua egin zuten. Laugako Louis de Foix eta Rene Cassin lizeoetan sarrera blokeatu zuten eta gaur ere blokeoei eustea deliberatu zuten, Donibane Garazin bezala.

Lantegietan, ostera, mobilizazioak eta lanuzteak «biderkatzen» ari dira, CFDT, FO, UNSA, FSU eta CGT sindikatuetako ordezkariek jakinarazi zutenez.

Ibilbide luzeagoa

Horrela, biharko manifestazioa «aurrekoak baino jendetsuagoa» izanen dela uste dute: «Sarkozyk bere asmoekin temati jarraitzen du eta hori langileen dinamika azkartzen ari da». Ondorioz, goizeko 10.30etik goiti egingo duten manifestazioaren ibilbidea aldatu eta luzatu egin dute. Ohi bezala, Saint-Ursule plazatik abiatuko da, baina BABeko bidea hartu eta Grenet zubia zeharkatu ostean, leku berean amaituko da.

Sindikatuek hitzordu berria jarri zuten gaur 11.00etarako, Ziburuko postetxearen aitzinean. Donibane Lohizunetik eta Michele Alliot-Marie ministroaren bizilekutik hurbil dagoen «UMPeko feudoaren» erdian piknik-elkarretaratzea egin nahi dute larunbateko mobilizazioa «berotzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo