GARA > Idatzia > Kultura

SAIAKERA SARIA, ANJEL LERTXUNDIRENTZAT

«Eskarmentua ez da txarra soilik, utzitako hondoa ere bai. Nire bidearen balantzea argi dut positiboa izan dela»

p034_f01_234x190.jpg

 Anjel Lertxundi idazlea

Harriduraz jaso zuen atzo Anjel Lertxundik Espainiako Saiakera Sariaren berri. Bere lehenengo liburua argitaratu zuenetik berrogei urte pasa dira, eta aspaldian jorratu gabeko saiakera generoarekin iritsi zaio lehenengo errekonozimendua Madriletik. «Eskarmentuaren paperak» «Vida y otras dudas» gisa itzuli berri du Alberdaniak.

Ane ARRUTI | BILBO

Eskarmentua, horixe da Anjel Lertxundik azken berrogei urtetan bildu duena, eta guztia «Eskarmentuaren paperak» (Alberdania) saiakera literarioan jaso du. «Nire idazle esperientziatik idatzia dago, nahiz eta nire obren analisirik egiten ez duen», dio Anduk. «Euskara agertzen da, nire lan tresna delako; literatura, ogibide dudalako; autobiografiatik ere badu zerbait, baina beti literaturaren zerbitzura jarria; bizitzaz ere hitz egiten da, herioaz eta minaz, adibidez».

Hasteko, zorionak. Nola harrapatu zaitu berriak?

Mila esker! Egunero zaindu nahi nukeen ohitura bat eta beti egiten ez dudana da goizero Getariara joan-etorria egitea, eta haraxe nindoala Ministeriotik deitu didate sariaren berri emanaz. Sorpresa handia izan da, burutik ere kenduta bainuen nire liburua hautagai zela. Ez nekien noiz eman behar zuten ere.

Zergatik uste duzu aukeratu dutela zure lana?

Zaila egiten zait esatea. Sarirako hautagaien artean bazeuden bi saio akademiko oso potente, bat Castellsena eta bestea Cortinarena, eta ez nuen zalantzarik egiten tiroak hortik joango zirela. Gertatzen dena da saiakeraren kontuan badagoela halako debate bat: saiakera akademikoa edo saiakera literarioa. Nik uste saio literarioago baten aldeko apustua egin dutela.

Narratiban eskarmentu handiagoa duzula esan daiteke. Saiakera lana saritzeak harritu egin zaitu?

Gertatzen dira halako paradoxak. Bizitzan zehar lanik oparoena eta saiatuena alor edo genero batean egin duzu, eta hara non saritzen dizuten justu beste alor ezberdin bateko lana. Sorpresa da edo paradoxa da... Egia da liburu honetan narratibitate handia dagoela. Beste genero batean saritu naute eta, beno, bejondeiola!

Berrogei urte pasa dira lehen liburua argitaratu zenuenetik eta ordutik ez diozu idazteari utzi. Nola hartzen da distantzia hori, oraindik ere buru-belarri horretan sartuta zaudenean?

Distantzia diziplina handi batekin hartzen duzu, nire kasuan behintzat. Badakizu zertan ari zaren, badakizu zein hizkuntzatan ari zaren, badakizu zein den zure joko-eremua... jakinik ere, beharbada inoiz ez duzula errekonozimendu handirik izango. Ez duzu errekonozimenduagatik lan egiten. Beste gauza batzuetan sinisten duzu. Gurea bezalako hizkuntza batean lan egitea eta errekonozimenduagatik egitea nahiko arraroa litzateke. Uste dut, zorionez, euskal literaturan ari garenok eta, oro har, euskal kulturgintzan ari garenok, beste ikuspegi bat, nolabait zorrotzago bat badugula lan klase honetan aritzeko orduan.

Hain justu, batez ere euskara eta literaturari buruzko hausnarketak bildu dituzu saiakera honetan. Zure bizitzaren bi oinarriak direla esan daiteke?

Badira liburuan beste elementu batzuk ere, bizitzari buruzkoak eta heriotzari buruzkoak. Lau ardatz horiek izango lirateke liburuaren oinarri nagusiak. Oso presente dagoen kezketako bat da, hain zuzen ere, euskara material adierazkor gisa. Bai gizartean, baita, noski, literaturan edo kazetaritzan... Gorabehera horiei buruz hausnarketa dezente egiten ditut. Eta finean da, tresna ahal den biziena edo adierazkorrena bihurtzeko lan horretan, idazleok ere badaukagula zer esana. Ez dut esango gu garenik horretaz dena esan behar dugunak, inondik ere ez. Baina bai gure aldea den horretatik, alegia, sorkuntzatik, asko esan dezakegula eta gure lana hori bilatzen saiatzea dela.

Lan honetan, irakurle bezala idazten saiatu zarela azaldu zenuen liburuaren aurkezpenean.

Anjel Lertxundi irakurlea da eta irakurle gisa jasotzen joan den kontu horiez eta bidean markatu duten gorabehera horietaz jardun da. Irakurlea oso presente dago, azpimarrak daude liburuan, handik eta hemendik jaso eta haiei buelta emanik eginiko hausnarketak daude... Irakurle baten liburua da.

Irakurleei ere bidea zabalik utzi diezu, nolabait, fragmentuekin osatu duzu saiakera.

Hori da, eta horrez gain, irakurleari iradokitzen diot zer bila dezakeen liburu batean edo bestean, zer bila dezakeen literatura egiteko modu baten edo beste baten atzean... Arrasto horiek ere, nik neuk bilatu ditudan neurrian, irakurlearen eskura jartzen ditut. Zerbaitetarako balio baldin badiote, primeran.

Humberto Sabaren «Lasterbideak» izan omen zenuen abiapuntu.

Liburu hori hasieran dago. Orain dela urte batzuk «Berria»rentzat lan bat egitera joan eta «Italia, bizitza hizpide» bidaia liburua argitaratu nuenean, Triesten izan nintzen. Han ezagutu nuen, beste hainbat gauzaren artean, Humberto Saba idazlearen obra eta bat badago, hain zuzen ere, nire liburuaren hasierarekin lotura duena, «Lasterbideak». Gero liburuak zerikusirik ez dauka nirearekin. Baina badago definizio bat, lasterbideena: halako etxafuego moduko batzuk piztu, gorabehera azkar batzuk eskaini irakurleari, eta den-dena esan gabe, irakurleari argi horiek eman, gero berak osa dezan txinparta horrek iradoki diona.

«Eskarmentuaren paperak» deitu diozu zuk. Zer eman eta zer kentzen dio eskarmentuak idazleari, edo Anjeli?

Eskarmentuaren barnean daude porrotak eta daude bidean izandako behaztopak, estropezuak... Eskarmentuaren barnean dago baita zuk zure hizkerarekin egin behar izan duzun borroka ere. Baina horren guztiaren ondorioz, hartu dituzun nekeen ondorioz, esperientzia bat dago. Eskarmentua ez da txarra bakarrik, zuri uzten dizun hondoa edo posoa ere bai. Orain arteko bidearen halako balantze bat egiten baduzu, nik dudarik ez daukat oso positiboa dela.

Honelako kasuetan beti azaleratzen den eztabaida da: «Zertarako balio dute sariek?» «Beharrezkoak al dira?». Zuk zer uste duzu?

Sistema literarioa horrela antolatuta dago. Sistema horretan badira ondo funtzionatzen duten gauzak eta beste batzuk ez. Sariak eta horrelako errekonozimenduak onak dira lanean segitzeko akuiluak baldin badira eta nolabait bultzada emateko balio duten neurrian. Alde horretatik, betoz! Beste kontu bat da, besterik gabe, zure egoa puzteko balio baldin badute eta, lanean segi beharrean, errutina batera eramateko. Orduan ez. Lehen aipatutako behaztopa eta oztopo horiek bezala, aldian behin, tartean badira baita sari batzuk eta errekonozimendu batzuk ere.

Sariak sari, dagoeneko ari omen zara nobela berri batean lanean.

Ari naiz bai, eta ez nuke nahi honek inondik ere lan horren jarraipena gehiegi eragozterik. Ez nadila gehiegi despistatu lanetik! Liburuan aipatzen dudan moduan, hasi, gutxi gorabehera badakizu nondik, baina nola segiko duzun ez dakizu eta, momentu honetan, puntu horretan nago. Neuk ere garbi ez daukadan gauza bat, nola esplikatu inori?

saRIAK

«Onak dira lanean segitzeko akuiluak baldin badira eta, nolabait, zure lanari bultzada emateko balio baldin badute»

EUSKARA

«Idazleon lana, sorkuntzatik, euskara material adierazkor izan dadin bilatzen saiatzea dela uste dut»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo