GARA > Idatzia > Kultura

SAIAKERA SARIA, ANJEL LERTXUNDIRENTZAT

Letren Errepublikaren gauzak

Joxemari ITURRALDE Idazlea

Letren Errepublikak holako gauzak ditu: jendeak espero zezakeenean Narratiba Saria Anjel Lertxundirentzat, Madrilen bildutako epaileek Saiakera Saria eman behar zaiola erabaki dute. Ez dadila, ordea, horregatik inor ikaratu. «Eskarmentuaren paperak» saiakera da, bai, baina baita literatura ederra ere (batzuetan saiakera omen diren liburuak oso urrutitik baitaude literatura onetik). Nik, liburua kaleratu zenean, oso gustura irakurri nuen. Izugarri gustatzen baitzaizkit horrelako liburuak, miscelanea modura osaturiko obrak. Denetik dute bertan, eta ez dute inor atzerantz botatzen. Liburua «goxoa» da, malgua, atsegin handiz irakurtzen dena, bere gogortasuna eta sakontasuna inoiz ere ahaztu gabe. Beti ikas daiteke zerbait edozein zatitik, beti dago zerbait bertan hausnartzeko (segidan irakur daiteke eta zatika), baita gozatzeko ere.

Adibideak, besteen obrak, aipuak, zatiak... aipatzen dira eta horrek ikusarazten digu literatura, berez, katea dela, luzea oso, idazle askok osaturikoa denboraren poderioz eta nolabaiteko zentzua ematen diona literaturari (hori benetan posible baldin bada, ez bainago seguru). Baina bitartean, horrelako liburu ederrak irakurtzen ditugun heinean, pertsona osotuagoak sentitzen gara, gizarte edo talde baten partaide, liburuaren egileak -kasu honetan, Anjel Lertxundik- aurrerantz eramaten gaituelarik geure buruarekin adostasun batera iristeko (edo sikiera, ahaleginak egiteko), ispilu baten aurrean gaudenean bezala eta kasu honetan, ispilu hori «Eskarmentuaren paperak» liburu bikaina da.

Gogoan dut Lertxundiren obra irakurri nuenean bi liburu etorri zitzaizkidala segituan gogora, halako hari ikusezin batek tiraka eginda bezala: bat, Adolfo Bioy Casares-en «De jardines ajenos» eta bi, Gonzalo Torrente Ballester-en «Torre del aire». Lertxundiren liburuak bai baitauka besteen jardinetatik usaindutako, baita hartutako loreen lurrin erakargarria ere eta, halere, ez du inoiz egile propioaren jabetasuna galtzen. Lertxundik bere baitatik, bere dorretik (inoiz ere balizkoa ez dena) (esan nahi baita bere ikuspuntu pertsonaletik), idazten du, bere uzta ematen digu eta, apika, gu orain, geure jardinetan, has gaitezke berak utzitako loreen haziera eta zaintza egiten.

Pozgarria da horrelako sariak jasotzea eta zoriondu egiten dugu, horregatik, Anjel Lertxundi. Hemen, gure lur soro honetan, aspaldi da ezaguna eta aintzat hartua idazle hau. Espero dezagun orain, Espainia aldean, sari honek balio diezaion bere obra ezagunago bihurtzeko (eta ezagunago horrek, beti, idazle baten kasuan, esan nahiko du irakurriago).

Testu labur hau idazten ari naizenean jakin da Txileko meatzarien salbamenduaren amaiera zorionekoa. Azken meatzaria igo berri dute zulo beltzetik azaleraino Fenix delako kapsula batean. Paralelismo estu eta azkarra eginez, kapsula antzekoak diren sari hauen bitartez ari da pixkanaka Espainiako jendea jabetzen Euskal Herrian badirela irakurtzea eta ezagutzea merezi duten hainbat euskal idazle eta euskal liburu. Gaurkoan, eta ederki asko merezita, Anjel Lertxundiren izena atera dute Espainia osora «Eskarmentuaren paperak» liburua dela medio. Ez dakit luze iraungo duen hango arrabotsak, itxaron egin behar jakiteko. Bitartean, hemen gaudela eta bertan bizi garelarik, irakur dezagun «Eskarmentuaren paperak», merezi du eta, benetan. Andu, zorionak eta segi horrela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo