PROFILA
Literaturari emana, literaturatik jasoa
Ariane KAMIO
Anjel, Andu eta Iñaki Aldai. Hiru izen pertsona berberaren baitan. Izen bakarra, bi ezizenen aldean, emaitza berberari lotutako ibilbidearen hiru korapilodun soka bakarra. Euskal idazle oparoenetarikoa da Lertxundi, berrogei argitalpen baino gehiagoren jabe baita oriotarra, berrogeita bi diren bezalaxe lehenengo liburua plazaratu zuenetik Espainiako Saiakera Saria jaso duen unera arte igaro diren urteak. 1968an kaleratu zuen Donostiako Apaizgaitegiarekin batera «Gaurko Literatura» saiakera eta haren atzetik abiatu zuen idazle oriotarrak gaur egun arteko etengabeko emaria.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan urte asko eman zituen irakasle lanetan, eta maisu senak gidatuta-edo, haur literaturaren arloan bereziki garrantzitsua izan da egindako lan eskerga. Nolanahi ere, literaturako genero askotan argitaratu ditu lanak Lertxundik, narratiban, saiakeran, eleberrigintzan, itzulpengintzan, biografian, baita bidaia kronikan ere.
1999an Euskadi Literatura Saria jaso zuen «Argizariaren Egunak» eleberriagatik, baina aski ezagunak dira eremu berean plazaratutako «Otto Pette», «Hamaseigarrenean aidanez», «Zorion perfektua», azken biak zinemara eramanak. Zinemarekiko lotura 1984an sortu zuen «Hamaseigarrenean aidanez» zuzenduta, eta handik hiru urtera trinkotu zuen heldulekua «Kareletik» filmarekin. Zinema, hura bere bigarren soka; literaturaren hariari lotutako beste korapilo bat, hainbaten artean nabarmenezko mutur bat gehiago.
Jaioterria: Orio. > Jaiotze data: 1948ko martxoak 5. > Lan ezagunenak: «Hamaseigarrenean aidanez», «Otto Pette», «Zorion Perfektua». > Sariak: 1999an Euskadi Literatura Saria «Argizariaren Egunak» lanagatik.