Eszenak
Atearen bi norabideak
Dorleta Urretabizkaia Aktorea eta idazlea
Hego haizeak usoak dakartza gure mendietara eta udazkenak berriz, antzerkia. Izan ere, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 31. edizioa hasita baitaukagu dagoeneko eta bertan, kanpoko nahiz Euskal Herriko hogei bat ikuskizun izango ditugu azaroaren 20ra arte. Eta Santurtzitik Bilbora joan beharrean, Getxora joango naiz sardinak saltzera, izan ere, gaurko egunean hasiko baitira Getxoko Antzerki Jardunaldien 27. ekitaldia. Aurtengo edizio honetan, familia eta haurrei zuzenduriko ikuskizunei protagonismo handiagoa emango zaie, publiko berriari ongietorria eman nahian. Eta familia eta haurrak gogoan, hego haizearekin batera, ama datorkit gogora, edo ahizpa, edota laguna... eta hauekin guztiekin batera, kantu triste bat bihotzera.
«Gaua hotza zen tabako eta ginebra usainarekin agertu zinenean. Beldurrak gorputz osoa zeharkatu zidan, ate atzean hatzak gurutzatzen nituen bitartean... Berriro ez, mesedez, nekaturik nago eta ezin dut bihotzarekin. Berriz ez laztana, mesedez, ez oihurik egin umeak lo daude eta...».
Isiltasunean bizi diren milaka eta milaka emakumeren ahotsa dakar hego haizeak, hostoekin batera lurrera jausten diren emakumeen ahots mutua. Honi guztiari buruz hitz egin nahi digu antzerkiak oraingo honetan, infernuaren bihotzean bizi diren emakume askoren egoera tamalgarriaz. Izan ere, gugandik gertu dauden gauzez mintzatzeko ardura izan behar du arteak, bai eta antzerkiak ere. Artearen zeregina ez al da bihotzak mugiarazi eta bidegabekeriak salatzea? Egiak min ematen badu ere, katarsiak bezala, ez al digu barrua askatzen nolabait? ...
Egoera honetaz guztiaz mintzatuko zaigu Tanttaka taldea gaurko egunean Antzoki Zaharrean estreinatuko duen antzezlanarekin, «No me hagas daño». Rafael Herrero Martinez-en testuan oinarrituriko antzezlan honek genero indarkeriari buruz hitz egingo digu.
Eszenaratze soilarekin aktoreen lana bilakatuko da ikuskizunaren ardatz nagusia eta aktoreekin batera, publikoa bera. Izan ere, publikoa fikzioaren barruan izango da, publiko hori baita antzezlanaren benetako protagonista. Alboan izango duzun emakumeari gerta dakioke, edo gizonari, edo umetxoari... edota zuri. Gure gizartean gertatzen ari den egoera hau salatzeaz gain, taldeak eskua luzatu nahi die emakume hauei, euren bakardade isila konpartitzeko aukera eman eta, batez ere, infernutik atera daitekeela helarazi. Izan ere, ate guztiek, baita infernuko ateak ere, bi norabide ditu: sartzekoa eta ateratzekoa. Hego haizeak eta usoak bezala, udazkenak eta hostoek bezala. Izan ere, itxaropenak badu infernuan lekurik.
«... Sua bilakatuko naiz. Zure burdinazko ukabilak erre egingo ditut nire masailetako ubelduretatik zauriak bueltatzeko ausardia atereaz. Malo, malo, malo eres no se daña a quien se quiere, no. Tonto, tonto, tonto eres no te pienses mejor que las mujeres...».