AIPAGARRIAK
Miren Agur Meabe «Bitsa eskuetan» poesia liburuarekin itzuli da Susa argitaletxera
«Bitsa eskuetan» Miren Agur Meabek Susa argitaletxearekin kaleratu duen bigarren poema liburua da. Tartean hamar urteko epea dago, baina ezaugarri berdintsuak mantentzen ditu.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Hamar urte igaro dira Susak Miren Agur Meaberen azken poesia liburua argitaratu zuela, «Azalaren kodea». Atzo ordea, berriz ere lan bilduma bat aurkeztu zuen: «Bitsa eskuetan».
Liburu hau hiru zatitan banatu du autoreak, hiru gai nagusi jarraiki: desioa, amodioa eta heriotza. Hala, batetik, lehen kapituluaren izenburua «La vie en rose» da eta bertan bere izatearen errepasoa egiten du. Izan ere, autoreak berak azaldu zuenez, idaztean bakoitzaren bizitza islatzen da, kasu honetan, poesia bakoitzean.
Bigarren zatiak «Arearen geriza» du izena eta jasotako ondarearen maitasunezko aitormenak bildu ditu bertan. Gainera, amaren gaixotzeaz eta heriotzari buruz ere hausnartzen du. Eta, azken atalean, «Zatitxo intimoak», harreman bati buruzko kontaketa jaso du.
Liburu honetako poema batzuk «arruntak» dira, beti egin izan diren horietakoak. Beste batzuk ordea, binaka edota hirunaka antolatu ditu lekeitiarrak, tarteko isiltasunak bilatuz, hausnarketa egiten laguntzen baitute tarte horiek, bere ustetan. Badaude «hiperlaburrak» direnak edota «dislokatuak» direnak ere. Azken hauek ihesbide bezala erabiltzen ditu Meabek eta mugak hausteko erabili ohi ditu, egunerokotasunaren eta kontaketaren arteko muga horiek hain zuzen.
«Batzuetan norberaren bizitza eta obra ia gauza bera dira, eta orduan, poema bildumaz mintzatzeko lehen premisa edukiaren benetakotasuna da»; izan ere, «adierazpen batasuna dago nire bizipenen eta testuen artean», gehitu zuen. Bakoitzaren bizitzan bezala, berean ere galerak izan dira, eta hala, «galerei buruzko liburua» argitaratu duela azaldu zuen atzo Lekeitioko idazleak.