GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Mundu bat karrikan

Mobilizazioek, grebek, protestaldiek debatea berriz irekitzera eramaten ez badute, zer gelditzen da? Ezadostasunaren gainditzeko, Gobernuak proiektua zuzendu nahi ez badu, zer gelditzen da? Zertan gelditzen da demokrazia?

Grebak, manifestaldiak, mobilizazioak ez dira gelditzen, baina Gobernuak ez du erretreten erreformaren gelditzeko asmo izpirik erakusten. Gobernuak erreforma ez dela ulertzen, hobeki azaldu behar dela, neurri batzuk egokitzen dituela dio, baina datorren asteazkenean Senatuan bozketa eginen dela segurtatzen dute.

Behin eta berriz mobilizazioak moteltzen ari direla diote, prentsan errepika hedatzen dute jendearen kezka eta ezadostasuna isilarazteko. Neurriak hartzen dituzte erreforma inposatu nahi dutelako, baina erreformak langile guztien geroa okertuko duela argi da denentzat.

Gazteak lotu dira, normala den gisan, ez baitute beren geroa defenditzen baizik. Honek zalantzak sortzen ditu arduradunen artean, izan ere, gazteak mobilizatu direlarik, behin baino gehiagotan legeak atzera botatzearen lorpena etorri da. Gazteen karrikaren okupatzeko gaitasun handia baita, ez dituzte hor ikusi nahi. Baina banderola batean erraten zuten gisan, «gazteentzat erretretarik ez, lanik ez, Sarko zertarako haiz hor?». Egoera zaila bihurtzen ari da frantses Estatuko gazteentzat, eta horretaz ere hitz egin nahi dute gazteek. Kezkak lotzen ari dira eta ez du ematen agintariek entzun nahi dutenik.

Hau da ondoko galdera. Mobilizazioek, grebek, protestaldiek debatea berriz irekitzera eramaten ez badute, zer gelditzen da? Ezadostasunaren gainditzeko, Gobernuak proiektua zuzendu nahi ez badu, zer gelditzen da? Zertan gelditzen da demokrazia?

Zuzentasun eza. Hau da gero eta gehiagotan entzuten den oharra. Erreforma honek ez du justiziarik ekartzen. Injustua da. Gehiengo handiak argi ikusten du. Ikusten du, frantses Estatuan, aberatsen aldeko politika inongo lotsarik gabe eramana dela.

Atxiloketen politika hartu dute, gaiaren desbideratzeko; edozein gertakari baliatua da gazteen gelditzeko eta frogatzeko manifestaldietan parte hartzen duten gazteak manipulatuak direla. Beldurraren politikak emaitzak ekartzen ditu. Hau da Gobernu honen ildo berria. Lan eginez gehiago irabazteko aukera izanen zela agindu zuten. Erakutsi dute lan gehiago, diru gutxiago eta eskubide sozial gutxiagorako antolaketa prestatu dutela. Heldu diren hauteskundeen aurrean beste norabidea beharko da UMPrentzat. Beldurraren politika dute hautatu. Gasolio eskasiaren kezka aipatzen dute. Blokatua zen depositoa irekitzeko, Polizia igorri dute. Larunbat honetan «anarkistak» gelditu omen dituzte, nagusiak eta estatuaren aurkako lemak oihukatzen omen zituzten. Benetan arriskutsuak!

Zenbakien gerra, bakoitzak indar harreman honetan toki hoberena nahi du eta Gobernuak eutsi nahi du legea bozkatu arte. Mobilizazioak jarraituko du eta baliteke legea pasatzea. Baina, gisa guztiz, mobilizazio horiek ondorioak izanen dituzte. Gure eskualdean LABen lana garrantzitsua izan da eta horrela izaten jarraitzen du. LAB agerian gelditu da mobilizazio guztietan, partaide izan da eta manifestaldietan, protestetan beste sindikatuetako kideek ikusi gaituzte. Guretzat klase elkartasuna garrantzitsua dela ikusi dute. Gure nortasunarekiko errespetua eskatzen dugu, baina langileen arteko elkartasuna lehentasuna dela ikusi dute. Mezua hor da, baita praktika ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo