GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

zortzimilakoak Jaitsierak

Nanga Parbat eta Manaslu snowboard eta eskiekin

Marcin Jaskolka poloniarrak Nanga Parbat zortzimilakoan zabaldutako zati berri bat snowboard oholarekin jaitsi du. Kenton Cool britainiarrak, berriz, Manasluko gailurra jo eta eskiekin egin du jaitsiera.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Zortzimilakoen jarduerak alderantzira jarri, eta igoeren munduan sartu ordez, jaitsieren arloan pare bat buelta emango ditugu. Eta jaitsierak diogunean, snowboard zein eskiekin egiten direnak aipatu nahi ditugu.

Hain zuzen ere, lerrootara bi jarduera ekarri ditugu. Lehena, pasa den abuztuan Nanga Parbaten (8.126 m) izandakoa. Protagonista: Marcin Jaskolka. Poloniarrak argi asko utzi du, alpinista gogorra izateaz gain, garaiera handiko mendietan snowboard egiten ere ondo baino hobeto moldatzen dela.

Jaskolkak azaldu duenez, bere asmoa «Messner» bidea zen, baina ez zuen baldintza egokietan ikusi: «Beste marra bat ikusi eta aztertu ondoren, saiatzea otu zitzaidan. Lehen zatiak 50ºko aldatsak ditu. Ez nuen eguraldiarekin zorterik izan. Euria eta elurra egin zuen, eta elur-jausien arriskua erabat handitu zen. Lehen kanpalekua, adibidez, 5.300 metrora altxatu nuen, eta arrisku hori zela-eta, hiru aldiz aldatu behar izan nuen lekuz».

Denboralea pasa ondoren, poloniarrak berriz ekin zion lanari, eta 6.300 metrora arte soka finkoa jarri zuen. Igoera horri esker, jaitsi behar zuen korridorea aztertzeko aukera izan zuen: «60º graduko aldatsak zituen. Aurrera jarraitu behar nuen, baina berriro ekaitzak geldiarazi ninduen. Azkenean, eguzki pixka batekin zabaldu eta bataiatu nuen `Heriotzaren korridorea'ren amaieraraino heldu nintzen».

Hiru kilometro

Gailurrera igotzeko aukerarik ez zuenez, ohola jarri eta jaitsierari ekin zion: «Hankak dardarka eta bihotza lehertzekotan nituen. 20 minutu egin ondoren, arnasketa sakon batzuk egin eta 60ºko aldatsei ekin nien. Guztira, 3 kilometro eta erdiko jaitsiera izan zen; inoiz egin dudan jaitsiera gogorrena izan da».

Bigarren protagonista Kenton Cool dugu. Britainiar hau «Everesteko aditua» ezizenez ezagutzen dute. Izan ere, munduko mendirik garaiena hamar aldiz igo du.

Oraingo honetan, Manaslun izan da (8.156 m). Poloniarrak ez bezala, britainiarrak zortzimilakoa bere ohiko bidetik igotzea erdietsi du.

«Igoera gogorra izan zen. Zero azpitik 40º graduko tenperatura jasan nuen. Eta hori gutxi ez eta, haizete gogorrak; 80 kilometro ordukoak. Gailurra zapaldu eta klik egin nuen. Eskiak jarri eta jaitsieran murgildu nintzen. Goialdean oso elur onarekin egin nuen topo. Baina jarraian haizeteek ondo astindu ninduten; bira egitea ia ezinezkoa zen. Gaua laugarren kanpalekuan eman nuen. Behatzak oso hotz nituen; urdin kolorekoak. Biharamunean, berriz, kanpaleku nagusira ia arazorik gabe jaitsi nintzen», azaldu du Manaslu eskiekin jaitsi duen alpinistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo