Benedikto XVI.a aita santuak Ama Kandida andoaindarra santu egin du
Benedikto XVI.a aita santuak Vatikanoan hartu zuen Ama Kandida. Santu egindako lehendabiziko emakume gipuzkoarra da Jesusen Alaben kongregazioa sortu zuen andoaindarra.
GARA |
Benedikto XVI.a aita santuak Juana Josefa Zipitria Barriola, Ama Kandida santutu zuen atzo Vatikanoko San Pedro plazan. Moja andoaindarra santu egin duten lehen emakume gipuzkoarra da. Joan Paulo II.ak 1996ko maiatzaren 12an beatifikatu zuen Ama Kandida, Jesusen Alaben lagunartea sortu zuena. Orain santu egin dute, lagunarteko kide bat sendatu zuela frogatu ostean.
Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikua eta Estanis Amutxastegi Andoiango alkatea izan dira Gipuzkoatik Vatikanoko San Pedro plazara joandako ordezkaritzaren buruak. Gipuzkoako fededun talde bat ere izan zen bertan. Andoaindarrarenarekin batera, beste bost santutze egin zituen Aita Santuak.
Ama Kandida santu egin duten bosgarren gipuzkoarra da. Lehen emakumezkoa. Aurretik santutu zituzten Loiolako San Ignazio (XVI. mendean), Igokundeko San Martin (XVI. mendean), Santo Domingo Erkizia (XVII. mendean) eta San Miguel Aozarazakoa (XVII. mendean).
«Ama Kandidaren miraria»
Gaixorik eta sendabiderik gabe zegoen Maria del Carmen del Val Rodriguez jesuitina. Sendatu ezinezko buruko gaitz batek jota, hamabi egun zeramatzan koman eta hura esnatuko zen itxaropenik ez zuten medikuek. Baina Ama Kandidari otoitz egin ostean, bat-batean etorri zen bere onera gaixoa eta erabat osatu zen.
Medikuek ulertu ezinezko osaketa miraritzat eman zuen 2008an Santuen Kausarako Kongregazioko Medikuen Batzarrak. Ama Kandidaren kanonizazioa ahalbidetu du miraria horrek.
Kanonizazio ekitaldian, Aita Santuak Jesusen Alaben lagunarteak, mundu osoan zehar, txiroenen hezkuntzan eta emakumearen papera sustatzearen alde egiten duen «lan sutsua» ere nabarmendu zuen.
Juana Josefa Zipitria Barriola 1845eko maiatzaren 31n jaio zen Andoainen. Gerora, 1871 abenduaren 8an, Jesusen Alaben ordena sortu zuen Salamancan.
«Arima bila munduaren azken zokoraino joango nintzateke» zioen emakumea 1.912an zendu zen Salamancan, baina gaur egun, Ama Kandidaren nahiari jarraituz, Jesusen Alabek mundu osoan lanean dihardute, «ebanjelioaren mezuari jarraituz, emakumeak hezten».