GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Antxeta irratiak hamar urte bete ditu: «Entzun, esan, adierazi» Hala Bedik eta Tas Tasek elkarrekin osatuko dute «Zebrabidea» irratsaioa

Heldu den otsailaren 14an Antxeta irratiak 10 urte ospatuko ditu. Hamarkada bat beraz, Hondarribian, Irunen, Pausuan eta Biriatun seinalea hedatzen duela 90,5 FM frekuentzian. Euskal Irratiak taldeko laugarren anaia, ahizpa edo arreba ttipia da. Aunitz urtez.

p051_f01.jpg

Mattin PETRISSANS-Kazeta |

Hamargarren urteurrenaren karietara prentsaurrekoa eman berri dute Antxeta irratiko kideek, Hendaiako Jamattitt Salaberry auzapezarekin eta Jean-Michel Berra hautetsiarekin batera. Irratia Txingudi eskualdeko esparru komunikatiboa apur bat gehiago euskalduntzeko sortu zen. Bidasoaldeko euskaldunek informazioa euskaraz jaso zezaten, beraz. 70 pertsonatik gorako laguntza sarea du Antxetak, emankizun, informazio edo irrati saioen proposatzeko goizetik arratsera.

Gainera, prestakuntza edo irratigintzari buruzko tailerrak ere proposatzen ditu Antxetak. «Egun, komunikazio proiektu egonkorra eta iraunkorra dugu», adierazi zuen Aitziber Zapirain kideak. Urtez urte proiektua gauzatu eta gorpuztu bada ere, kideek irratiak dituen ahuleziak oroitarazi zituzten, euskarak lurraldean duen presentzia ahularekin batera.

Diru laguntzak aipatuz, Txingudiko Partzuergoak 6.000 euroko laguntza bat ematen die eta zenbaki hori ez da aldatu 2001etik. Urteko busetaren %5 bakarrik segurtatzen du aipatu egiturak. Finantzatzeko, ekimenak antolatzera behartuak dira lankideak, adibidez Bidasoa Korrika.

«6.000 euroko kopurua goratzeko galdegin genion kontsorzioari, baina momentuz ez dugu erantzunik ukan. Badakigu Hendaiako Herriko Etxeak sostengatzen gaituela, eta 10. urteurrenaren karietara espero dugu gauzak aldatuko direla», gehitu zuen Zapirainek.

«Antxeta Irratiak kalitateko lana egiten du. Aberatsak diren euskalkiei boza emaiten die. Xiberera, nafarrera, lapurtera edo beste euskalkien entzuteko parada eskaintzen digu», azpimarratu zuen Jean-Michel Berra hautetsiak.

Hainbat egitasmo

Ondoko hilabeteetarako ekimen batzuk prestatu dituzte, logotipo lehiaketa tartean. Urritik azarora eginen da eta logoaren hautua abenduan ezagutaraziko dute. Azarorako, Irungo Argoiak eta Bilgune Feministarekin autodefentsa tailerrak antolatuko dituzte, genero indarkerien kontrako egunaren karietara. Abenduaren 3an, berriz, Irunabar bertso eskolarekin batera Euskararen Eguna ospatuko dute. Herri hedabideen aldeko hitzordua urtarrilaren 8an ezarri dute eta Europa mailako I. Irrati Topaketak otsailean eginen dituzte. Urteurreneko jaia, otsailaren 14an ospatuko dute. www.antxetairratia.com-en aurkituko duzue informazio gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo