Hala Bedik eta Tas Tasek elkarrekin osatuko dute «Zebrabidea» irratsaioa
GARA |
Gaurtik hasita, Hala Bedi eta Tas Tas irrati libreek elkarrekin egingo dute «Zebrabidea» magazin euskalduna. Saioa Gasteizko komunikabideak ekoizten eta emititzen zuen orain arte, baina hemendik aitzinera Bilbo Handiko irratiak ere hartuko du parte. Jakinarazi dutenez, astelehenetik ostiralera arte, emanaldi komuna egitea pentsatu dute 16.00etatik 18.00etara. Eta 18.00etatik 19.00etara, irrati bakoitzak bere programa emitituko du. Besteren artean, euskarazko blogak, artea, sexua, antzerkia, zinema eta musika izango dituzte mintzagai «Zebrabidea» proiektuan.
Arabar euskaltzaleen ikuspuntutik Euskal Herriko gertakari kultural eta sozialei erreparatzeko asmoz sortu zuen Hala Bedik magazin hau 2005ean. Joan den urtean, hamabi kidek eta hogeita hamar kolaboratzailek osatu zuten programa. Beti euskaraz, Euskal Herriko gaurkotasuna lantzea izan dute xede hasieratik eta leku berezia egin diete bertan Arabako gaiei. Horretarako, koadriletako berriemaileen laguntza dute. Baita hainbat iritzi, kolore eta txokotako gonbidatuena ere, guztia musikak girotua.