Heineken Kopa
Final-laurdenetarako bidea zuzenean hartu du Biarritzek
Zuri-gorriek lehen zati nahiko ahula egin zuten, baina bigarrengoan sekulako itxura eman zuten, bost puntuak etxean utzi zituzten lau entsegu gauzatuta.
Jon LEUNDA I
Biarritzek final-laurdenetarako bidea egiteari ekin dio, eta atzo horretarako urrats garrantzitsua eman zuen Ulster mendean hartuta. Lapurtarrak eta irlandarrak ziren lehen jardunaldian garaile ateratako bi taldeak, eta horrek garrantzitsuago egiten zuen atzoko norgehiagoka. Bada, zuri-gorriek, garaipena erdiesteaz gain, erasoko puntua ere lortu zuten, eta sailkapeneko buruan jarriko dira. Garbi utzi zuten hurrengo fasean izateko faboritoak zeintzuk diren.
Dena dela, partida bi zatitan banatu beharra dago. Lehenengoan, ez zen joko handirik ikusi, eta bigarrengoan, berriz, sekulako norgehiagoka egin zuten etxekoek.
Kanpotarrak aitzineratu ziren 13. minutuan zigor bat gauzatu ostean. Hortik aurrera, Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek izan zuten partidan agintea, baina jokoan nahiko ahul ibili ziren, eta Yachvilik beste zigor bati esker neurketa berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera, batzuek zein besteek ez zuten erasoan ezer asko egin, eta berdinduta zirela joan ziren atseden hartzera.
Erabateko aldaketa
Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren, eta Olympique nagusi izan zen. Hasieratik ekin zioten partida erabakitzeari, eta bosgarren minuturako aurretik jarri ziren. Ngwenyak bere lehen entsegua lortu ostean, Yachvilik ostikoarekin ere ez zuen hutsik egin eta aurretik jartzea egokitu zitzaien.
Yachvilik bere lana agerian utzi du azkeneko partidetan, eta atzokoan ere ez zuen gutxiago egin nahi izan. Bi zigor gauzatuz, markagailuan aldeak gehitu egin zituen. Jaurtitzaile lapurtarrak Carizzak lortutako entsegua ere gauzatu zuen, eta 23-3koa jarri zuen markagailuan. Ulster saiatu zen burua ateratzen, zelaian zeudela erakutsi nahian, eta entsegu bat egin zuten markagailuko aldea murrizteko, baina hortxe amaitu ziren kanpotarren erasoko jokaldiak.
70. minutuan Marconetek entsegua lortuz amaiera bikaina eman zion talde osoaren jokaldi bati. Zoritxarrez, Yachvilik ezin izan zuen ondorengo jaurtiketa gauzatu. Zazpi minutura Ngwenyak bere bigarren entsegua lortu zuen, eta oraingoan Yachvilik ez zuen hutsik egin.
35-8ko emaitzarekin partida erabakita zegoen, eta puntu gehigarria ere ziurtatuta zutenez, Biarritzek nahikoa zuela pentsatu zuen eta erritmoa nabarmen jaitsi zuen. Horrek, erasora begira zerbait gehiago egiteko balio izan zion talde irlandarrari, eta azkeneko minutuan drop bat lortu zuten, emaitza apur bat txukundu ahal izateko.
Bi jardunaldiren ostean, Biarritz dago lehen postuan 9 punturekin; bigarren, Bath, 6rekin; Ulster hirugarren, 5ekin; eta azkena Aironi da puntu bakar bat ere batu gabe.