GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

nafarroa oinez 2010

Agintarien beharrik gabe dabilen herria

p002_f03_111x100.jpg

Ramon SOLA I

Askotan aipatu da egun hauetan, Atarrabian bertan 1991. urtean ospatutako Oinez hura, zer izango eta, orduko Nafarroako Gobernu presidenteak estreinakoz -eta azkenekoz- parte hartu zuelako. Jakina da kargua hartu berri zuen Juan Cruz Alli ustekabean azaldu zela, eta anekdota gisa, ibilbidea ziztu bizian egin zuela, korrika antzean. Orduan inork ez zekien jarrera hori euskaltzaletasun sutsuaren seinalea zen ala, aldiz, ospakizun hartatik ahalik eta lasterren alde egiteko zuen gogoaren adierazle. Bigarren aukera honen defendatzaileei arrazoia eman zien denborak: Nafarroa Oinezen Gobernua ordezkatzearen ardura sailburu bati pasa zion gero presidenteak. Hurrengoan sailburua ere ez zen agertu, eta 1994an, legealdiko azken urtean, Berako Guardia Zibilaren oldartzea babestu zuen Juan Cruz Allik; hala, argi utzi zuen polizien eta euskaltzaleen artean noren aldekoa zen.

Urte haietan oraindik jaio berria zen Euskararen Legea, eta oraindik bazen Nafarroako agintariengan itxaropen apur bat jarria zuen euskaltzalerik, gobernua hartu berria zuen UPN Urralbururen PSN baino irekiagoa izan zitekeela uste zuenik, alegia. Hogei urte pasa dira geroztik, hamarkada bat dekretuen bidez Legea gehiago estutu zenetik, mundua harritzeko punturaino, euskara atzerriko hizkuntzen azpitik kokatu baitu.

Egun, zorionez, jada gutxi dira agintarien zain segitzen duten euskaltzaleak. Zorionez, urtero-urtero Oinezen eta egunero-egunero hainbat arlotan euskara sendotzen doa, oztopoen gainetik, dabilen herriari esker. Atzo ere, sanferminak alde batera utzita, Nafarroan urte osoan egiten den jende mobilizazio handiena gertatu zen. Eztabaidak, beraz, ez luke izan beharko agintariak noiz ibiliko diren berriz Oinezen, dabilen herri honek agintea noiz eskuratuko duen baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo