GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Ikuskizuna eta erantzukizuna

Iragan astean zehar, jarraipena egin diogun guztiok bezala, hunkitu egin nintzen Txileko meatzarien erreskatearekin; onik atera dituztelako eta haiek maite dituztenen poza eta lasaitua neure egiten ditudalako. Aldi berean, ordea, behin eta berriz izan dut buruan nire Billy Wilder kuttunaren «El gran carnaval» filma.

Film hartan, meatzari indiar bat tunel batean harrapatuta geratu eta horren inguruan kazetari desesperatu batek antolatzen duen iruzurra baliatuta, gizakiaren berekoitasuna, jendartearen ankerkeria eta prentsak egiten duen manipulazioa salatzen dira. Txileko meatzeko zuloaren inguruan antolatu den guztia ikusita, Piñera presidentearen zuzeneko prentsaurrekoak eta senideen malkoak eta estutasun aurpegiak mundu osora zabalduta, zirkua besterik helaraz ez dakigun interesatu dela iruditzen zait.

Ez baitira bertan izan diren mikrofonoak beste ezertarako baliatu. Senideen maitasuna, jendearen elkartasuna eta lana eta meatzarien euren hitzak beste hainbat gauza garrantzitsu estaltzeko baino ez dira zabaldu; esaterako, Txileko meatzarien lan-baldintza kaskarrak, segurtasun eza eta ordaindu gabeko soldatak eguneroko kontuak direla. Piñerak etorkizunerako promesak egin ditu, bertan hedaturiko prentsaren eta honek ekarritako ikus-entzunezko teknologia berrienaren erabilerarik berekoiena eginda, bere Gobernuaren onerako, meatzarien aldarrikapenetatik urrun.

Sarri, ematen zaigun informazioa urrun egoten baita benetan gertatzen denaren muinetik. Interes politiko eta ekonomikoak, botere gosea, izaten dira horren sustatzaile nagusi eta ohikoenak. Beste batzuetan, informazioa ezkutatu barik haren alderdi oso zehatzak hautatzen dira jendarteari zabaltzeko, alderdirik morboso eta deigarrienak, hausnarketa sakona eta ingurunearen behaketa eraginarazi ez eta unean uneko eskandalua baino sortzen ez dutenak.

Hori, hain zuzen, iruditzen zait gertatzen dela genero indarkeriaren inguruko berriekin. Gertakizunen bat dagoenean, zenbat eta larriagoa, orduan eta hedabideen mugimendu handiagoa, kasuaren eta inplikaturiko pertsonen ezaugarri zehatzei goitik behera erreparatuta, azalpen edo justifikazioren bat bilatuko balute bezala. Gero, itzali egiten dira fokuak, eta hurrengora arte. Beste batzuetan, indarkeria mota honi aurre egiteko martxan dauden mekanismo eta baliabideei batere mesederik egiten ez dieten berriei gehiegizko oihartzuna ematen zaie; adibidez, salaketa faltsuei, sinistuko dituztelako biktimen konfiantza eza areagotu eta ezinbestekoa dugun sentsibilizazioa murrizten dituztenak, bestelako beharrezko eztabaidak desitxuratzeaz gain.

Irakurri berri dut, estatistika, datuz eta alderaketaz josita, terrorismo mota honek 55 emakume erail dituela aurten dagoeneko. Indarkeriaren eta prentsaren arteko lotura, kasuan kasukoaz eta zenbaketez harago, sakonki eta ahal bezain laster landu beharreko harremana da, nabaria denez ezinbestekoa baita pil-pilean egotea ez dadin jendartearen gogoan alde batera geratu. Ez dadin tartekako ikuskizun makabrotzat soilik jo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo