GARA > Idatzia > Kultura

Jone Uria algortarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan izango da

Jone Uria algortarrak, 398,5 puntu eskuratuta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen atzo, Balmasedako Klaret antzokian izandako kanporaketan.

GARA |

Saioko gazteena eta emakume bakarra zena nagusitu zen atzo Balmasedan ospatutako bigarren kanporaketan. 200 lagun inguru bildu ziren Klaret antzokian. Jone Uriak 398,5 puntu bildu zituen eta lehenengo postua eskuratu zuen, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara.

Gainerako bertsolariek puntuaketen zain gelditu beharko dute. Honakoa izan zen atzoko sailkapena: Joseba Artza, 363, Iker Belaustegi, 358,5, Iñaki Iturriotz, 353, Lander Ibarluzea Atxulua, 346,5 eta Asier Legarreta, 291,5.

Saioa oso parekatuta joan zen. Zortziko handian eta txikian Uria nagusitu zen, baina oso alde txikiarekin. Puntu erantzunean, ordea, Lander Ibarluzea eta Joseba Artza hobeki aritu ziren. Diferentzia kartzelako lanean nabaritu zen. Uriak 122 puntu eskuratu zituen eta bigarren emaitza altuena Artzak lortutakoa izan zen, 107 puntukoa. Legarretak eta Ibarluzeak akatsak garesti ordaindu behar izan zituzten, hurrenez hurren, 63,5 eta 68,5 puntu eskuratu baitzituzten.

Lehenengo postua lortuta, aurrera egingo du, beraz, Uriak. Datorren azaroaren 21ean, Durangoko Landako gunean ospatuko den lehenengo finalaurrekoan aritu beharko du finalerako lehian. Bertan izango dira halaber, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita.

Hurrengo kanporaketa saioa datorren igandean izango da Aulestiko Torrezelai frontoian, 17.30ean hasita. Kantuan beste sei bertsolari arituko dira: Xabat Galletebeitia, Gorka Ostolaza, Mikel Goiriena, Ibon Ajuria, Peru Vidal eta Arrate Illaro. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Leire Bilbao izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo