GARA > Idatzia > Kultura

Asier Serrano: «Nire lana sentimendu unibertsalak paperean jartzea da»

Asier Serranok sortzaile gisa definitzen du bere burua, literaturako ia genero guztiak landu baititu. Oraingoan, bere azken nobelaren ondoren, poesiara itzuli da, «Hiri gorritik» poema liburu berriarekin.

p041_f01_148x104.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Asier Serrano (1975, Eibar), «Erlojugilea» nobela argitaratu ondoren, bere «eremu naturalera» itzuli dela zioen Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. Izan ere, genero guztien gainetik «sortzailea» dela dioen arren, bere «lurralde literarioa» biltzeko beharrean ikusi zuen bere burua.

Gainera, oraingo «Hiri gorritik» hau 1997. urtean idatzi zuen «Bada hiri gorri bat» poesia liburuaren bigarren zati gisakoa dela esan daiteke. Izan ere, lehenengo hura utopia baten bilaketari buruzko liburua zen, eta oraingo hau kondena bati buruzkoa; hiri utopiko horretara iritsi da idazlea, eta orain, handik ateratzea ezinezkoa duela konturatu da; bertan bizitzera kondenaturik dago. Castillo Suarez idazle eta poetaren ustez, ale hau «70eko hamarkadan idatzitako liburuetaranzko itzulera» bat da.

Serranok azaldu zuenez, gero eta erosoago sentitzen da bere sortzaile jarrerarekin, bere «mugak» onartu baititu jadanik. Gainera, bere bizitzari buruz idazten ikasi duela onartu zuen, bere barneko «min horiek» askatzeko bidea bihurtu omen baita. «Asko disfrutatu dut liburu hau idazten», azaldu zuen.

Gaztetako ohiturak alde batera utzi ditu jadanik, eta orain bere lanak «programatu» eta «kalkulatu» egiten ditu. Hori dela eta, oraingo honetan bildutako poesiak «oso ulergarriak» direla esan zuen. «Ondo ulertzen dira poesiak, baina, bakoitzaren interpretaziora irekita daude, bakoitzaren bihotzetik irakurtzera irekita», hain zuzen.

Serranok zuen gogo-aldartearen ondorioa da liburu hau. Izan ere, «Erlojugilea» trilogiaren lehen alea amaitu ondoren, bigarrenarekin hastea zuen pentsatuta hasiera batean; baina, amaitutakoan ez zuen indarrik. Hori dela eta, bere lurralde literarioa biltzeko gogoa eta beharra izan zuen. «Bizi-nekea nuen», esan zuen eibartarrak.

Sentimendu unibertsalak

Atzoko aurkezpenean eta beste elkarrizketetan errepikatu izan duenez, sentimenduak formatu ezberdinetan sartzea omen da bere lana: «Nire lana sentimendu unibertsalak paperean jartzea eta nire betiko estiloa ematea da». Horren lekuko dira abestietarako sortu izan dituen letrak -EH Sukarra taldeko letragilea izandakoa da- baita idatzitako narrazio liburuak ere; hala nola «Hoteleko kontuak» (Apokaliftin) eta «Mari basajaunaren eremuan» (Txalaparta).

ALDE ILUNA

Liburuaren aurkezpenean Castillo Suarez idazle eta poeta ere izan zen eta, haren hitzetan, urperatutako ontzi bat azaleratu da liburu honen bidez. Poema bilduma honek bizitzaren alde iluna nabarmentzen duela azaldu zuen.

Fitxa

Izenburua:

«Hiri gorritik».

Egilea:

Asier Serrano.

Argitaletxea:

Elkar. Poesia 24.

Orrialde kopurua:

72 orrialde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo