GARA > Idatzia > Kultura

Abangoardiako dantza eta antzerkia dakartza Bilbora BAD jaialdiaren 12. edizioak

Euskal Herriko eta atzerriko 24 konpainiak hartuko dute parte BAD 2010ean, Bilboko XII. Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian. Urriaren 29tik azaroaren 7ra arte eskainiko diren ikuskizunen artean, 8 erabateko estreinaldiak izango dira eta beste 12, ikus-entzuleek Euskal Herrian edo espainiar Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango dituzten ikuskizunak.

p040_f01.jpg

Julene LARRAÑAGA | BILBO

Bere hamabigarren urtea izanagatik ere, berrikuntzaz beteta dator BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Jaialdia. Ohikoa denez, «eskaintza harrigarria eta apurtzailea» prestatu dute antolatzaileek, «jaialdia bera ere horrelakoa baita», Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak Bilboko udaletxean egin zuten aurkezpenean adierazi zuenez.

Jaialdiaren 12. edizioak gaur egungo dantza eta antzerki eszenako proposamen berritzaileenak eramango ditu hiriko hainbat txokotara. Aurten, gainera, jaialdiak espazioak areagotuko ditu; Bengoetxearen esanetan, «hiriko arte eszenikoen erreferentzia diren lekuetara heltzeko eta ikus-entzule berriek eszena garaikideko lan berritzaileenez goza dezaten» ireki dituzte mugak aurten. Hortaz, aurten, ohiko agertokietatik kanpo ere izango da non gozatua: Campos Antzokia, Kale Nagusiko BBK aretoa, Zawp pabilioia, Haceria, Meliá Hotela eta Rekalde Aretoa izango dira espazio horietako batzuk. Horiez gain, baina, ohiko beste agertoki batzuk ere izango dira: Bilbao Eszena, La Fundicion, Bilborock...

Diziplina aniztasuna

Urtero legez, egitarauak Euskal Herriko nahiz atzerriko konpainien lanak biltzen ditu, horietako gehienak, gainera, zirkuitu komertzialetan nekez aurkitzen diren lanak dira. Nolanahi ere, sortzaile berrienentzat erakustoki ere izaten da BAD jaialdia, eta jende gaztea erakarri ohi du agertokietara.

Alicia Otxandategi BAD 2010eko programatzailearen esanetan, «antzerkia eta dantzarekin batera, diziplina ugarik bat egiten dute aurtengo egitarauan: musika, bideo-dantza, performance-a, arte plastikoak, sukaldaritza... guztiak ere esperientzia ausartenak aurkezteko prest dauden proposamenak dira», gaineratu zuen.

Erabateko zortzi estreinaldi

BAD jaialdian aurkeztuko diren ikuskizun guztien artean, 8 erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste 12 Euskal Herrian edo espainiar Estatuan lehen aldiz eskainiko diren lanak dira. Campos antzokiak, adibidez, estreinaldi aipagarrienetako batzuk jasoko ditu. Urriaren 30ean, Cambaleo Teatro konpainia madrildarrak «El mapa no es el territorio» antzerki obra estreinatuko du. Bestalde, azaroaren 1ean, Histrion Teatro granadarrek «Del maravilloso mundo de los animales: los corderos» lana aurkeztuko dute. Antzerkiaz gain, Campos antzokiak bi dantza ikuskizun hartuko ditu.

Bestalde, La Fundicion aretoan lau estreinaldi aurkeztuko dira. Radhouan El Meddeb tunisiarraren «Je dance et je vous en donne a bouffer» eta «Quelquum va danser», urriaren 29an eta 31n, hurrenez hurren. Aurrenekoa «sukaldeko balada» bat da, non artistak kus-kusa prestatzen duen dantza egiten duen bitartean. Bi horiez gain, Fred Bendonue frantziarrak «Instant» lana ekarriko du, azaroaren 3an eta 4an: Jimi Hendrixen musika lagun, performance bikote batek dantza, eskultura eta musika uztartuko ditu. Azkenik, Pako Revueltas artistaren La Cocina taldeak «Calla y come» lana estreinatuko du, azaroaren 1ean eta 2an.

Aurtengo nobedade adierazgarrienen artean Itziar Barrioren «Los peligros de la obediencia» lana dago. Artista bilbotarrak proposamen ausart eta berritzailea dakar: lau egunez, lau aktore bilduko ditu eszena bakar bat eraikitzeko asmoz. Ikus-entzuleek zuzenean jarraitu ahal izango dute lan esperimental hau, eta, horrez gain, BADen webgunetik ere zuzeneko jarraipena egingo zaio. Haceriako espazioak hartuko du estreinaldi hori azaroaren 2tik 5era, eta gero, New Yorken, Berlinen eta Madrilen izango da ikusgai.

Kale Nagusian dagoen BBK Aretoak, bestalde, bi ikuskizun eskainiko ditu. Alde batetik, Los corderos konpainia katalanaren «El mal menor» eta, bestetik, Hierba Roja taldearen «Hasiera (el principio de la incertidumbre)». Azken lan honek Bernardo Atxagaren poesia eta musika uztartzen ditu. Bestalde, La Merced ikastetxean zazpi ikuskizun eskainiko dituzte, horietatik hiru erabateko estreinaldiak: Ion Munduate koreografoaren «Sin título, en colores», Helena Golab poloniarraren «Black diamond» eta Khea Ziater antzerki taldearen «La canción de Gloria». Horrez gain, La Merced ikastetxean eskainiko dira Ertzaren «Zoo», Organik konpainiaren «Maniati@s, «Actos de juventud» eta «Club Fernando Pessoa» lanak.

Jaialdiari hasiera urriaren 29an emango bazaio ere, urriaren 25etik aurrera motorrak berotzen hasteko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Pre-BAD-en barruan. Horien artean, «Artistak egoitzan» programan parte hartu duten bost proiektu aurkeztuko dira. Jaialdiaren, programazioaren eta sarreren inguruko informazio guztia, ondoko helbidean: www.badbilbao.com.

BESTELAKO ZITAK

Antzerkiaz eta dantzaz gain, arte eszenikoen inguruko topaketak izango dira Hika Ateneoan; horrez gain, musikak ere bere tartea izango du, urriaren 28an Don Simon y Telefunken taldeak eskainiko duen emanaldiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo