GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Periodista

«Kabidu hai fraketan»

Beti alderatu izan dira herri txikietako eta hirietako bizimoduak. Biek omen dituzte gauza onak eta txarrak. Baina hirietara joz gero, XXI. mende honetan ere, orain dela mende ugaritako pertzepzio berak irauten du, «probintzianismo» kiratsak, alegia. Eta aldean, herri txikietakoek, miretsi ez noski, baina beti izaten dute hiriek ustez duten «handitasun» horren itzalaren nahia. Baina finean, bizitza bera bezala, errespetura baino ez dira mugatzen gauzak. Eta zoritxarrez, gutxi ikusten eta erabiltzen den gizalegezko araua da.

Eta nork bere arazoak gobernatzea ez zaigu nahikoa irudituko akaso, eta, modu batera edo bestera, gainontzekoak epaitzen jarduten gara beti. Aldamenekoak gehiago irabazten duela, baina lantokian kolpe zorririk ez duela jotzen. Beste hark negu osoa, aberatsak bezala, eskiatzen igarotzen duela, eta nik ezin dudalako, inbidiak eragiten dizkidan biraoen jaun eta jabe bilakatzen naizela. Eta etxe azpian egunero, halabeharrez, lau kartoi puska soinean hartuta lo egiten duenak nahikoa duela duenarekin, bai, -ai! hori koitadua!-, baina beste atari batera joango balitz, askoz hobe litzatekeela.

Egunero tabernan garagardoak hartzen aritzen den hura, berriz, ederkiegi bizi dela, eta gainontzekoak, aldiz, lanetik etxera eta etxetik lanera bizitzera behartuta omen gaudela. Hura, horregatik, alferra eta alprojaren hurrena da gure begietara. Eta bizilagunak, bere bazkariak tabernetako pintxo bilakatu dituen horrek, sekulako auto berria erosi duela, baina inoiz ez duela inork lanean ikusten. Izango du horrek zerbait ezkutatzeko, txinatarren saltokien tankeran; mafia izango da atzean! Ene!

Eta horien moduko zenbat eta zenbat asmakizun, gezur, edo egia-erdi entzun eta esan behar izaten diren eguna amaitu baino lehen. Eta ulertzekoa da publikotasunera jauzi egiten duten pertsonek «epaitze denbora-pasa» horren erdigunean izan beharra. Zer esango dut nik, bi astetik behin argazki ziztrin eta guzti azaltzen banaiz! Badakit goiko sinadura institutuan egiten nituenak baino kaskarragoa dela eta, inork gogorarazi beharrean, tatuaje ugari ditudala -tatuajedun kazetaria, ai ama! Gogaitzen da bat hori entzuteaz-. Baina sinpleagoak ere izan daitezke gauzak: gustuko ez duenak ez dezala begira. Bada kontu hauetarako esaera polit askoa Arrasate aldean: kabidu hai fraketan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo