GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ongietorri eta omenaldi hunkigarria Jon Bilbao Morori Astrabuduan

p014_f01_111x111.jpg

GARA |

Larunbat arratsaldean ehunka lagun bildu ziren Jon Bilbao Moro euskal preso politiko ohiari ongietorria emateko Astrabuduan, Erandion. Ekitaldian hitz hartu zuen lagun batek gogorarazi zuenez, Bilbao Morok espetxe espainoletan denera 288 hilabete, alegia, 12.467 egun pasa ditu; «urteez mintzo garenean kosta egiten baitzaigu denboraren benetako dimentsioaz ohartzea». Hala, Europa osoan Bilbaok adina denbora giltzapean eman duen inor ez dagoela nabarmendu zuten.

Urte horiei guztiei gainbegirada egin zien lagun batek: «BVE Euskal Herriko kaleetan terrorea hedatzen edo Roson militante gazteen erailketa justifikatzen zebilenean preso zintuzten jada. «Lemoiz gelditu» aldarritik «Lemoiz apurtu» garrasira pasa ginenean, Hego Euskal Herria bi administrazio autonomikoetan banatu zutenean, polimiliak disolbatu zirenean, 83ko uholdeetan edo GALen lehen agerpenetan espetxean zinen».

Hala ere, hamarkadetako denbora tarte izugarriaren ondoren «Estaturik faxistenaren tresneria guztiarekin ere» ez dutela Bilbao «makurraraztea» lortu azaldu zuten. «Bizitza osoa eskaini diguzuelako, borroka eredu hunkigarria zaretelako, ondorengoek zuek emandako guztia eman behar ez dezaten. Hori izango da omenaldirik onena: garapena», amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo