Italian preso diren hiru gazteak Espainiaratu egingo dituzte
Fiskaltza bera ere hasieran aurka egon arren, Italiako Auzitegi Gorenak Milaneko espetxeetan preso diren hiru gazteak Auzitegi Nazional espainolaren esku uztea onartu du, Fernando Grande Marlaska epaileak hala eskatuta. Gazte independentistek ohar bidez salatu dutenez, «argi geratu da Estatu espainolaren eta frantsesaren kalitate demokratiko eskasa».GARA |
Italiako Auzitegi Goreneko epaileak, azkenean, Artzai Santesteban, Fermin Martinez eta Zurińe Gojenola gazteak Auzitegi Nazional espainolaren esku uztea erabaki zuen aurreko ostiralean. Eskaria aztertzeko egindako aurreko saio batean epaile italiarrak Fernando Grande Marlaska epaile espainolak egindako eskaria onartu zuen, baina defentsako abokatuak zein Fiskaltzak helegiteak aurkeztu zituzten; ostiralean kasua berrikusi ondoren, erabakia berretsi zuen epaile italiarrak. Ordurako, Fiskaltzak beste jarrera bat hartua zuen.
Gazte independentistek, Italian preso dauden hiru lagunei euren «besarkadarik beroena» bidaltzeaz gain, gogor salatu zuten Italiako Auzitegi Gorenaren erabakia. Hala ere, ohar bidez azaldu zutenez, «Rubalcaba eta lagunei ez zaie gutxi kostatu hau lortzea, fiskalak berak ere eskari honen aurka egin baitzuen». Hain justu, Gobernu espainolak Italiara bidalitako txostenean Santestebanen, Martinezen eta Gojenolaren jardueran «delitu zantzurik ez» zegoela esan zuen fiskalak. Are gehia- go, gazteek gogorarazi zuten, Italiako sistema juridiko penalaren arabera, Segi gazte erakundea ez dagoela «terrorista izendatzerik» eta, fiskalak esanda- koaren arabera, «independentziaren aldeko jarduera politiko hutsa» egiten duela eta atxilotze aginduaren bidez, antolatzeko eta ideiak adierazteko askatasuna ukatzen zaiela.
Auzi honetan, Italiako epaitegiak behin eta berriz eskatu zizkion froga eta zehaztapenak auzitegi espainoleko epaileari. «Honek guztiak argi utzi du beste behin ere, espainiar eta frantziar Estatuen kalitate demokratiko eskasa», adierazi dute gazte independentistek.
Era berean, Estatu espainolak eta frantsesak «gazteen problematikari» aurre egiteko antolatzen diren gazteen aurka jotzeko duten «obsesioa» «zentzu- gabekeria hutsa» dela diote gazteek. Hala ere, independentisten iritziz, ez da kasualitatea estatuek gazteak euren jopuntuan izatea, «badakite-eta gu garela herri honetako aldaketaren motorra», zioten. Gaineratu zutenez, «ezinbestekoa deritzogu herri harresia eraiki eta estatuei aurre egitea, honela bakarrik lortuko baitugu halako zentzugabekeriak gelditzea».
Hain zuzen ere, 2009ko azaroan Grande Marlaska epaileak gazteen aurka egindako operazioaren ondoren jo zuten Italiara hiru gazteek. Euskal gazteriak sufritzen duen kriminalizazio eta jazarpenaren salaketa eraman zuten Erromaraino. Gojenola bizkaitarra eta Martinez eta Santesteban nafarrak Carabinieriek atxilotu zituzten presidente espainol Jose Luis Rodriguez Zapatero Italiako lehen ministro Silvio Berlusconirekin biltzekoa zen lekutik 50 metro eskasera. Gazteak eguerdiko 13.00ean Italiako Parlamentuaren atarian agerraldia egitekoak ziren. Minutu gutxi lehenago poliziak gazteak atxilotu zituen.
Berri-agentziek zabaldu zutenez, gazteak propaganda politikoa banatzen ari ziren, gazteek sufritzen duten kriminalizazioa eta jazarpena salatzeko eta Estatu frantsesari eta espainolari «Euskal Herriarekin duten gatazkari irtenbide politikoa eta demokratikoa» eman diezaiotela eskatzeko.
Atzo, 85 lagun bildu ziren Santurtzin euskal presoen eskubideen alde, 71 Ondarroan, 33 San Pedro-Trintxerpen, 21 Ataunen, 10 Ańorgan, 18 Otxarkoagan, 47 Laudion, 22 Zaldibian eta 15 Bermeon.