151 kurduren aurkako epaiketa hasi dute, PKKrekin lotura izatea egotzita
Turkiak 151 herritar kurdu eraman zituen atzo epailearen aurrera, PKK-ko, «terroristatzat» jotzen duen taldeko, kide izatea edota harekin harremana izatea egotzita. Zigor eskaera handiei aurre egin beharko dieten akusatuen artean, Diyarbakir hiriburuko alkatea bera dago.
GARA
Iparraldeko Kurdistango hiriburua, Diyarbakir, kurduen aurkako makroepaiketa berri baten lekuko izan zen atzo. 151 lagun -tartean hautetsi ugari, Diyarbakir bertako alkatea barne- jesarri ziren atzo akusatuen aulkian, PKK Kurdistango Langi- leen Alderdiarekin lotura izatea leporatuta.
7.500 orrialdeko autoak jasotzen duenez, akusatuei honako delituak leporatzen dizkiete: legez kanpoko talde armatu bateko kide izatea, haren propaganda hedatzea, Turkiaren lurralde- osotasunari eraso egitea eta manifestazio publikoei buruzko legeak haustea.
Fiskaltzaren eskaerak, bost urteko kartzela zigorretik hasi eta biziarteko espetxealdira artekoak dira. «Talde terroristaren buruzagi edo kide izatea», «Estatuaren batasunari eraso egitea» eta «propaganda terrorista hedatzea» zigortuko dituzte gogorren.
Borondatea hautsi
«Gure borondatea hausteko saiakera gisa ikusten dugu epaiketa hau», salatu zuen Ahmet Turk-ek, BPD alderdiko lehendakari ohiak. Parlamentuan ordezkaritza duen alderdi bakarra da hori, eta DTP alderdia legez kanporatua izan ondoren sortu zen.
«Bakea lortu nahian ari garen honetan, onartezina da gure lagunak 18 hilabetez espetxeratuta egotea, ideia eta iritziak adierazte hutsagatik», gaineratu zuen. Akusatuetako 103 prebentzio-espetxealdia betetzen ari dira egun. Horien abokatuen esanetan, «kurduak isilarazteko» saiakera bat da prozesu hau.
Epaiketa hau dela eta, segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte.
Epai irmoa plazaratu arte hilabeteak igaroko direla aurreikusten da, batez ere akusatu kopurua kontuan izanda.
Auzipetuei «EAJren elkartasuna» helarazteko eta «errepresioaren etena» eskatzeko, jeltzaleek Iñigo Iturrate legebiltzarkidea bidali zuten nazioarteko begirale gisa. Aralarrek ere bi ordezkari bidali zituen epaiketara.