FNSEAren «monopolio sindikala» amaitzear dagoela uste du ELB-k
A. M. | BAIONA
Confederation Paysanneko sindikatuko (ELB bertako partaide da) laborariek Parisko Esnearen Etxea okupatzen bost aste eman ostean, joan den ostiralean kanporatu zituzten bertatik.
Horietako hiruk, gainera, hogeita bat eguneko gose greba egin zuten, CNEILen bertan, hau da, esnearen gorabeherez arduratzen den egituran, sindikatuen ordezkaritza demokratikoa izan dadin eskatzeko.
«Eskandalagarria»
Okupazioa amaitu bada ere, «egoera eskandalagarria plazaratu» dela dio ELBk. Izan ere, FNSEA laborantzako sindikatu nagusiak soilik du hitza CNEILen eta, hortaz, aniztasun sindikala urratzen dela uste du: «Laborantzako ordezkaritzaren arkaismoa denen bistan geratu da egun» adierazi du, okupazioak iraun duen bitartean eremu askotarikotik jaso duten sostengua nabarmenduta.
Laborantza modernizatzeko onartu berri den legea- ren baitan, arazo horri irtenbiderik eman ez izanaren aurrean harridura azaldu du sindikatuak baina, aldi berean, pozik agertu da Bruno Le Marie Nekazaritza ministroak atzotik bertatik «laborantza sareko eragile sindikal guztien arteko hausnarketa handia» bideratuko duela agindu duelako.