SONDIKA
Troquenorreko grebalariek Lakuaren parean protesta egingo dute gaur
Sondikako Troquenor enpresako plantila greba mugagabean dago pasa den irailaren 29az geroztik fabrikako 40 langile kaleratzeko zuzendaritzak aurkeztu duen proposamenaren aurka eta gaur oinez joango dira enpresa ataritik Bilbora Lakuako Gobernuko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egitera. Goizeko 9.00etan ekingo diote bideari. Mobilizazio honekin kaleratzeen aurkako jarrera azaldu nahi dute langileek «lan karga izanik kaleratzeak justifika ezinak direlako». Datozen egunetan ere elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, Bilboko merkataritza-arloko epaitegien aurrean kasu honetan, kaleratze proposamenak onartuko edo baztertuko dituen epailearen autoaren zain baitaude.