GARA > Idatzia > Kultura

Txotxongiloak eta ikusle helduak batzen ditu Bergarako jaialdiak

Gaurtik aurrera, abian izango da Bergarako Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen X. Mostra. Bi urtean behin antolatzen den jaialdia orain dela 21 urte jaio zen Taun Taun Teatroaren eskutik, eta asteburu honetan ere nazioartean ikusle helduentzat egindako proposamenak bilduko ditu.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Badago txoko bat Euskal Herrian, non bi urtean behin txotxongiloek eta publiko helduak bat egin dezaketela argi geratzen den. Txoko hori, zehazki, Bergaran dago eta ekimenak Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra du izena. Gaurtik aurrera, hamargarren edizioa abian izango da. Ibilbidea luzea izan du orain dela 21 urte hasitako egitasmoak -jaialdia bienala da-, eta Taun Taun Teatroak, talde antolatzaileak, edizioz edizio argi erakutsi dute haren izaera: «Ikusleria heldu batentzat pentsatutako txotxongiloen lehenengo mostra da estatu espainolean».

Jaialdiari hasiera emateko, gaur 19.00etan Kataluniatik etorritako «Capses» ikusi ahalko da. Konpainia antolatzailearen kide den Itxaso Azkaratek azaldu zuenez, hau litzateke aurtengo programazioko proposamen «bereziena». Plaza batean jarritako instalazio bat da Laitrum konpainiaren ikuskizuna, eta bertan ikuslea aktore bilakatzen den istorio txikiak biziko dira. Gaur bertan, baina 20.00etan, Belgikatik iritsitako talde baten txanda izango da: Mossoux-Bontérena «Twin Houses» lanarekin. Dantzari bat eta artikulatutako bost maniki izango dira bakarrizketa honi zentzu ematen. Hausnarketaren ildoa: Boterea nork duen eta nork manipulatzen duen nor.

Egitarau osoaren edukiari dagokionez, Azkaratek kaleko ikuskizunen presentziak inoiz baino pisu gehiago duela nabarmendu du. Hamar edizio betetzeak ematen duen eskarmentuarekin, «mantentzea bera, bada nahikoa», esan zuen. Konpainien zerrendari begirada bat emanda, Kataluniako presentzia deigarria bada ere, Itxasoren hitzetan, ez da «aurreikusitako» ezaugarri bat, baizik eta «kasualitatez» hala gertatutakoa.

Asteburu osoan zehar, hortaz, Bergaran argi geratuko da ohiko txotxongiloez gain, helduentzat egindako proposamenak ere badaudela. Azkaratek ikusleriak aurreko edizioetan izandako erantzun positiboa baloratu du. «Bergaran bertan publiko finkoa egin da. Hauek gainera aldarrikatzen digute urtero egin beharko genukeela». Aurreikustekoa da, beraz, edizio honetaz gozatu orduko, hurrengorako lanean hasiko direla. Bidean, nahikoa erronka. Alde batetik, jaialdiak bizirik irautea. Baina bestetik, hobekuntzak egin nahi dituzte. Itxasok azaldu duenaren arabera, leku handi bat lortzeko helburua daukate. Aurten leku gehien bildu dezakeenak 120 lagunentzako edukiera dauka. «Gustatuko litzaiguke hurrengo edizioan leku berri hau sartzea».

KALE ANTZERKIA

Jaialdiaren hamargarren edizioa gaur abiatuko da «Capses» ikuskizun kataluniarrarekin. Nolanahi ere, aurtengo egitarauan kaleko ikuskizunek garrantzi berezia izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo