Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Estralurtar berdea izan nahi dut
Sinboloak, sinbolo baino ez dira. Sentimenduei lotutako ezin ukituzko zerbait. Ez dute ezertarako balio. Ez dute jaten ematen eta gizartearen benetako arazoekin zerikusi gutxi daukate. Hauxe da, behintzat, «munduko hiritar» bezala agertzen zaizkigun horiek behin eta berriz esaten digutena. Gasteizera saskibaloiko Espainiako selekzioa ekarri eta «La Roja»-ren partidak pantaila erraldoian jarri zizkiguten horiek beraiek.
Aste luzez negoziatzen ibili ostean, EAJk eta Gobernu espainolak, azken honen aurrekontuak eta etorkizuna bera salbatzeko akordioa hitzartu zuten aurreko astean. Trukean, Zapaterok hogei bat eskumen eskaini zizkion alderdi jeltzaleari, Patxi Lopezi muturraren aurrean lizunki agertzeko. Hogei eskumen, Madrilek joaten utzi dituenak hiru hamarkadatan zazpi giltzez itxitako kutxan gordeta izan ondoren. Presidente espainolak, hala ere, marra gorria marraztu zien Urkulluri eta enparauei: espetxeen kudeaketa, ez. Eta kirol selekziorik ere ez. Sinboloak sinbolo baino ez dira, baina Zapaterok ezin du onartu euskal selekziorik, ezta amildegiaren ertzean egonda ere. Eta ulertzen diot.
Enplegurako politika aktiboak jasotzea ez dago gaizki, eta agian hurrengo batean politika pasiboak ere Moncloatik hegan etor litezke, presidente espainola larri badabil. Eta beraiekin batera, beste hamaika eskumen ere. Baina heldu den Mundialean, Euskal Herriko umeak elastiko gorri edo urdineko selekzio horiekin berriz ere liluratzen badituzte, Zapaterok, Sarkozyk edo beren ondorengoek lasai egingo dute lo.
Sinboloak sinbolo baino ez dira, baina aireportuetan aurkeztu behar dudan nortasun agirian bandera espainola agertzen den bitartean, nik ez diet jaramon handirik egingo politika aktiboei, pasiboei edo neutroei. Sinboloak sinbolo dira, baina gure udaletxeetan beren banderak eskegitzera behartzen gaituzte. Sinboloak ezin dira jan eta ez digute jaten ematen, baina, ondo dakite beraiek, herria elikatzen dute.
Horregatik, ni ez naiz munduko herritar izango, baina udaletxeko balkoian ikurrina nahi dut, eta zelaian, berdea.