Ertzaintzak Asier Rodriguez santurtziarra atxilotu du Ortuellan
GARA |
Ertzaintzak Asier Rodriguez santurtziarra atxilotu zuen atzo goizean Ortuellan. Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek azaldu zuenez, ustez, 2001ean Portugaleten Ertzaintzaren kontrako eraso batean parte hartu zuelakoan atxilotu dute.
Amnistiaren aldeko mugimenduak ohar baten bidez jakinarazi duenez, santurtziarrak jazarpena jasan du azken bi urteetan, kalez jantzitako poliziek jarraipenak egin dizkiote sarri. Ertzainek inkomunikaturik ote duten ez dakitela gaineratu dute.
Madrileko Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aginduz, goizeko hamarrak aldera, gazte santurtziarra lanera zihoala, atxilotu zuten Ortuellako Urioste auzoan. Orain bederatzi urte, Portugaleten ertzainen auto bati molotov koktelak jaurti izana leporatzen diote. Ekintza horregatik bost lagun epaitu zituzten eta egun preso daude. «Bederatzi urte igaro diren arren, gaur Ertzaintzak egindako lana zoriondu beharra dago», esan zuen Aresek.
Mobilizazioak
Santurtziko gaztearen atxiloketa salatzeko protesta egin zuten bere herrian. Gaur arratsaldean ere, «Asier askatu, errepresioa ez da bidea» lelopean mobilizazioa izango da, 19.30ean.