GARA > Idatzia > Ekonomia

EAJ, PP, Aralar, EA eta EBk Babcock-en itxiera eragotz dezala eskatu diote Madrili

GARA |

Gasteizko parlamentuko EAJ, PP, Aralar, EA eta EB taldeek legez besteko proposamena erregistratu zuten atzo Gasteizko Ganberan, Gobernu espainolari eskatuz Sestaoko Babcock Power enpresa ixtea eragozteko negoziazio mahaia abian jar dezala. Babcock Power markaren jabe den A-Tec industria-partzuergo austriarrak pasa den asteazkenean kaudimen gabezian dagoela adierazi ostean aurkeztu dute ekimena talde politikoek.

Babcockeko langileen batzordeak berak gogor salatu du, atzo zabaldutako prentsa ohar baten bidez, A-Tec enpresa-taldeak kinka larrian dagoela adierazi badu ere, oraindik inor ez dela jarri langileen ordezkariekin harremanetan, ez enpresako zuzendaritza, ez taldea bera, ezta Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea (SEPI) ere. Batzordeak oharrean salatzen du, halaber, Babcock-ek duen arazo ekonomiko larriari, zuzendaritza arduratsu baten gabezia gehitzen zaiola.

Gasteizko legez besteko ekimenaren sinatzaileek Babcock-en deskapitalizazio industriala salatu dute, giza baliabideetan eta finantza, merkataritza eta teknologiaren arlokoetan ere ondorioak izan dituena. Ekimen horretan nabarmentzen dute deskapitalizazioa azken urteetan gertatu dela bereziki, hain zuzen, SEPIk zuzendu duen eta nabarmen porrot egin duen pribatizazio prozesuaren bitartez. Ildo beretik, langileen batzordeak ere nabarmendu du A-Tec taldearen kaudimen-gabeziak agerian jartzen duela SEPIk 2001. urtean zuzendu zuen Babcock-en «pribatizazioaren porrota», eta horrez gain, SEPIk 2008. urtean onartu zuen Industria Plana ez dela bete ere adierazten duela.

Legebiltzar taldeek ere aipatu dute plan hori. Izan ere, legez besteko ekimenaren bidez, SEPIri eskatu diote lehenbailehen adieraz diezaiela zein neurritan ez dituen betetzen Babcock-eko egungo akziodunak fabrika pribatizatzean adosturiko konpromiso eta prozesuak.

Erabateko aldaketa

Bestalde, langileen ordezkariek gogor salatu dute duela sei hilabete hasi zirela aldarrikatzen SEPI, talde austriarra eta langileak bilduko dituen mahaia osatzea premiazkoa zela, elkarrizketa eta negoziazioren bidez, denen artean, enpresa desagertzea eragotziko duen irtenbidea aurkitzeko. Zentzu horretan, «proiekturik eta gestiorik gabeko» egoera gainditu, eta «erabateko aldaketa» behar dutela defendatzen dute langileek, enpresa desager ez dadin. Horregatik, pasa den maiatzean enpresako zuzendaritzaren dimisioa exijitu zuten «ez duelako inoiz erakutsi, gertakariek agerian jarri duten bezala, enpresaren etorkizun industrialaren aldeko konpromisorik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo