ĢIlusioa mantentzekoģ gomendatu du Llorentek
Ifranek eman zuen eguneko ezusteko ezatsegina, entrenamenduan belaunean kolpe bat hartu zuen-eta.
GARA | DONOSTIA
«Lehenengo mailan gaude. Oraindik ez dugu derbirik jokatu, ezta Bartzelona etxean jaso ere. Ilusioak derrigor %95ean egon behar du, gutxienez».
Hala mintzo zen atzoko entrenamenduaren ostean Joseba Llorente. Izan ere, «mailaz gozatzea» eta «ilusioa mantentzea» izan ziren Hondarribiko aurrelariak egin zituen gomendioak, Reala sailkapenean atze samarrean dagoelako azaltzen hasi diren kezken aurrean. Eskarmentua nahi adina dauka Llorentek, eta hargatik egin zituen adierazpenok, liga luzea dela esatea eta partida bakoitza «finala» dela baieztatzea erabat kontrajarriak baitira.
«Zortzi jardunaldi pasatu diren honetan ezin dugu pentsatu soka lepoan dugunik dagoeneko», gaineratu zuen jokalari gipuzkoarrak.
Hala ere, hondarribiarrak ez zuen ezkutatu hurrengo liga partidan, astelehenean Coruñako Deportivoren aurka Anoetan jokatu beharrekoan, «gauzak oso ongi» egin beharko dituztela txuri-urdinek. Galiziarrak jaitsiera postuetan daude eta hori aprobetxatu nahi lukete Llorentek eta bere kideek. Horrez gain, etxean jokaturiko azkeneko partidaz oroitu zen aurrelaria. «Espanyolek ere gauzak oso zail jarri zizkigun, baina aurrera ateratzea lortu genuen».
Llorentez gain, Antoine Griezmann ere azaldu zen prentsaren aurrera hitz egitera. Erdilari gaztearen hitzetan, «Deportivoren aurka etxeko bolada onari eutsi behar diogu, eta horretarako ahalik eta aukera gehien sortu behar ditugu».
Bestalde, aurreneko mailan oraindik golik sartu ez badu ere, lasai azaldu zen frantsesa. «Lehen mailako erritmora uste baino errazago ohitu naiz. Horrek kezkatzen ninduen, ez gola sartzea zenbat kosta behar zitzaidan. Iritsiko dira golak ere».
Horrez gain, atzoko entrenamenduak ezusteko ezatsegin bat utzi zuen, Diego Ifranek belaunean kolpea hartu baitzuen. Ez da, ordea, aurrez mindua zuen belaunean izan, bestean baino, baina, badaezpada ere, Realeko mediku zerbitzuek aztertu egingo dute. Hala ere, ez dirudi gauza serioa denik.
Serioago izan liteke, egia esan, Martin Lasarte entrenatzailearentzat, hurrengo sei egunotan hiru neurketa jokatu behar dituela kontuan hartuta. Izan ere, 20 jokalari baino ez ditu jokatzeko moduan, Ifran, Sutil eta Tamudo min hartuta baitaude.
Horiek horrela, litekeena da Realeko entrenatzaileak aldaketa bat baino gehiago egitea partidatik partidara, baita joko sisteman ere. Hala, joan den asteburuan bi aurrelari erabili bazituen, bakarrarekin jokatuko du hurrengo neurketan eta zelai erdia indartzen saiatuko da Zurutuza edota Sarpong-en bidez.