Haur eta gazte literatura aztergai Bilboko Alondegian, Ibaizabalen eskutik
A. B. | BILBO
Bilboko Alondegiak eta hogei urte betetzear den Ibaizabal argitaletxeak «Istorio txikiak, mundu handiak» ekimena jarri dute abian, «haur zein gazteei zuzendutako literatura aztertzeko asmoz».
Bizkaitar argitaletxeko arduradun Agustin Oiarzabalen esanetan, «haur eta gazte literaturak mundu ikaragarriak aztertzeko aukera gaztetxoei eman, eta, era berean, beste kultur eta hizkuntzekin batera bizi izaten laguntzen diela uste dugu».
Ekimena atzo abiatu zuten argazkian ageri diren Javier Zabala eta Rebecca Dautremer marrazkigile ezagunek. Zabalak 2005ean Espainiako Ilustrazio sari nazionala erdietsi zuen, eta aita bilbotarra bazuen ere, Leonen jaioa da bera -«Max bazterrak nahasten» du Ibaizabalen argitaratu azken lana-. Dautremer (Gap, 1972) frantziar ilustratzailea berriz, oso ezagun egin diren «Nasrudin & astoa» edo «Printzesa ezezagun edo ahaztuak» lanen sortzailea da, eta «Kerity, ipuinen etxea» du Ibaizabalek argitaratu azken lana.
Aipatutako ilustratzaile bien marrazki originalak zein haur eta gazte literaturako Andersen sarien marrazkiak biltzen dituen erakusketa ere paratu dute gainera, Alondegiko erakustaretoan, urriaren 29a bitarte ikusgai izango dena (sarrerak 2 euro balio ditu).