GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako kanpo portua epe laburrerako planen artean dago

Donostialdea-Bidasoa Beherea eremu funtzionaleko lurralde plan partzialak, batez ere, zonazioari eta mugikortasunari buruzko proposamenak biltzen ditu. Pasaiako badia eraberritzeko eta portua kanpora ateratzeko proposamenak aurkezten dira, baita Irungo zenbait gune berritzeko ere. Natura babesteko gune ugari ere zehaztu dituzte, halere.
p020_f01_251x133.jpg

Nagore BELASTEGI |

Donostialdea-Bidasoa Beherea eremu funtzionaleko lurralde plan partzialean jasotako epe laburreko proiektuen artean Pasaiako kanpo portua eta AHT abiadura handiko trena daude. Lurralde plan partzial horren proiektua -oraingoz ez da behin betiko testua- aurkeztu zuten ostegunean Donostiako Aquariumean Lakuako, Gipuzkoako Aldundiko eta Ikaur-en, ikerketa aurrera eraman duen taldearen, ordezkariek.

Proiektuan epe luze, ertain eta laburrerako proposamenak egiten dituzte, eta aukera desberdinak aztertzen dituzte, etorkizunean aurretik egin ez izanaz damutu beharrik ez izateko. Beraz, proiektuan biltzen diren proposamen guztiak ez dira nahitaez aurrera aterako. Hala, nahiz eta Lakuak Pasaiako kanpo portua laster eraikitzeko erabakia hartu duen, badia bere onera ekartzeko proposamen bat biltzen du planak. Ezer egin baino lehenago aukera guztiak aztertuko dituzte, eta kanpo portua egin edo ez, badia bere onera ekartzeko lanak egingo dituzte seguruenik.

Lurralde plan partzialean AHTren itxurapena ere aztergai da. Eskualdean hiru geraleku izango lituzke, Donostian, Astigarragan eta Irunen. Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren hitzetan, tren horrek Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetara erraz iristea ahalbidetuko du, eta bidaia luzeetarako ere erabilgarria izango da. Bidaia laburretarako, berriz, eskualdeko trenbide sarearen eta autobusen erabilera sustatu nahi du Aldundiak.

Tapiak azaldu zuenez, Aldundiaren ikuspegitik bi puntu garrantzitsu ditu planak. Alde batetik, zonazioa eta bestetik garraioa. Izan ere, garraiobideak ondo antolatuta ez badaude, gainerako plangintza osoa kaltetu dezake. Horrela, mugikortasunaren arloan, pertsonei dagokienez garraio publikoak izango du garrantzia, eta salgaiei dagokienez, itsaso eta tren bidezko garraiobideek.

Alberto Zabalak, Ikaur taldearen izenean, lurralde plan partzial horretan biltzen diren datuak azaldu zituen. Planaren helburu nagusia da eskualdea osatzen dituzten 13 herriei garapen berdina ematea, eta, era berean, natura babesteko guneak zehaztea, hau da, eremu geografikoaren eta hirigintza garapenaren arteko sintesi bat lortzea.

Natura babesteko eremuak

Natura babesteko guneak hiru ataletan banatu zituen Zabalak. Lehenengo zatia lurraldearen erdiari dagokio eta ia ukiezina da. Bertan ezin izango da ezer eraiki. Bigarren atala hiri garapenaren eta gune babestuaren arteko maila batean dago, eta nekazaritza arlora bideratuko da. Bertan landa parkeak eraikiko dira, eskualdeko bailaretako herriak ez daitezen neurri gabe hazi eta pilatu. Azkenik, ibai-korridoreak daude. Ibai ondoko inguruetan eraikuntzarako baldintza egokiak dauden ala ez aztertuko dute, leku batzuetan uholdeak gerta daitezkeelako.

Hirigintza garapenak lurraldearen azaleraren %30ean gauzatu ahal izango dituzte. Horren barruan, eta mugikortasunaren arloari dagokionez, Urumeako autobia finantzatzea eta AHT eskualdeko gainerako komunikazio bideekin lotzea dira epe laburrerako egitasmoak, Zabalak azaldu zuenez. Epe ertainera, egungo autobideari lotura berriak gehitzea. Eta epe luzera, berriz, Donostiako bigarren ingurabidea Iruneraino luzatzeko proposamena.

Luzapen hori gauzatzeko asmorik ez dute oraingoz, baina etorkizunean erabaki hori hartu ahal izateko sartu dute planean, bozeramailearen iritziz, Gipuzkoa lurralde pribilegiatua delako Iberiar Penintsularekin eta Europarekin harremanetan jartzeko. Mugikortasunaren arloan epe luzerako beste proposamen bat ere gehitu dute planean, alegia, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide gehiago sortzea, eskualdeko udalerrien artean lotura egonkor bat izateko.

Planaren proiektuak Donostialdea-Bidasoa Behereko gune ugari eraldatzea proposatzen du, hala nola, Zubietako goialdean eraiki nahi dituzte Gipuzkoako espetxe berria eta hondakin solidoak tratatzeko instalazioak.

Eraberritze ugari

Irun-Hondarribia inguruak ere aldaketa ugari izango ditu. Alde batetik, Irungo geltokia eraldatzeko proposamena jarri dute mahai gainean, baita udalerriko Olaberria bailara lurralde erreserba izatea aintzat hartzeko aukera ere. Bestalde, Tabakalerako kultura proiektuak aurrera egingo luke eta Donostiako egungo arrantzale kaia pixkanaka birmoldatuz kirol portu bilakatuko litzateke.

Iñaki Atxukarrok, Lakuako lurralde plangintzaren eta uren sailburuordeak, adierazi zuen Gipuzkoan egin diren lurralde plan partzialei esker higiezinen sektorearen krisia gutxiago nabaritu dela herrialdean, eta horregatik garrantzitsua dela hiritarrek ulertzea lurraldearen erabilera erabakitzea berebizikoa dela. Horretarako, erakusketak jarriko dituzte eskualdeko udalerrietan, planaren nondik norakoak azalduz.

13 udalerri

Eremu funtzional horretan 400.000 biztanle bizi dira 376 kilometro karratutan, eta eskualdean hamahiru udalerri, lau erreka, hiru badia eta bi mendikate daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo