GARA > Idatzia > Euskal Herria

Helduen hezkuntza euskalduntzeko ekimen aitzindaria abian da

Helduen Hezkuntza Iraunkorrean euskara «erabat baztertuta» dagoela-eta, ekimen aitzindaria abiatu dute Gasteizko Amaia zentroan. Lakuako diru laguntzarik jaso ez badute ere, irakasleen borondatezko lanari esker, eskolak euskaraz ematen hasiko dira.

p022_f01_181x144.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Ezagutza orokorra eta jakin-mina piztea du helburu helduentzako etengabeko prestakuntzak. Kultur arloko prestakuntza eta lanbide heziketan eta unibertsitate ikasketetan irakasten diren gaiak lantzen dira bertan. Helduen Hezkuntza Iraunkorra garatzen duten zentroak (HHI) eskola graduatua edota eskola ziurtagiria lortzeko bidea izan dira urte askotan. Alta, gune hauetan euskara «erabat baztertuta» dagoela uste dute askotxok. Hala, helduen euskalduntzean egiten den ahaleginak ez du jarraipenik etengabeko prestakuntza honetan. Derrigorrezko Hezkuntza edo Batxilergoa bukatzean ikasketa prozesuari segida ematen ez dioten ikasleak «gaztelaniaren sarean galtzen dira ezinbestean».

Egoera hori izanda, Helduen Hezkuntza Iraunkorra euskaraz egiteko eskubidea bermatu dadin, ekimen aitzindaria abiatu da Gasteizen. Ekimen hau, bere garaian, EAJ agintean zegoenean Lakuako Gobernuan mahai gaineratu zuen Zazpigarren Alaba auzo elkarteak, eta Aranbizkarra, Aranbide eta Arantzabela auzoetako eskolek ere babestu zuten proiektua, baita AEK eta IKA euskaltegiek ere. Garai horretan, Arabako Hezkuntza arduradunak arrazoia eman bazien ere, gerora ez zen inongo proiekturik gauzatu.

Lakuaren laguntzarik gabe, aurrera

Euskaran kultur elkarteak orain arte Gasteizko Amaia zentroan eman ditu ikastaroak, 5. urratsetik gorako ikasleekin, eta oso esperientzia arrakastatsua izan da, euskara galdutzat emana zuen jende ugari euskaltegira itzultzea ere lortu dute. Beste kasu batzuetan, galdua zuten elkarrizketarako gaitasunaz jabetu dira berriz, eta beste askoren kasuan, gustura egotea lortu dute, asteroko bi egunetako dinamikan jende ezagunaren artean euskaraz aritzeko tarte bat izan dutelako.

Horrela, uztailaren hasieran Euskharan elkarteak irabazi asmorik gabeko erakundeei helduen hezkuntzagatik ematen zaizkien deialdiaz baliatuz, eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra euskaraz bideratzeko aukera izan dadin hainbat elkarte eta kolektibok babestu eta bultzatutako proposamena erregistratu zuen Lakuako Gobernuan. Proposamen horretan hainbat puntu bildu zituzten. Horien artean, era zonakatu batean HHIren lokalak edo eskolen egoitza zaharrak birgaitzeko edo prestatzeko eskatu zuten, bertan eskolak emateko, eta zehazki, lau zentro aipatu zituzten helburu horretarako. Euskarazko prestakuntza prozesuari ekiteko behar adineko irakaslez eta azpiegituraz hornitzeko beharra azpimarratu zuten helarazitako proiektuan. Esperientzia hauek hiriko auzoetara zabaltzeko prestutasuna ere aurkeztu zuen Euskharanek, 50 elkarte eta kolektibo baino gehiagoren babesarekin.

Hala ere, Lakuak ikasturte honetarako diru laguntzarik ez diela emango berretsi zien ekimenaren bultzatzaileei. Alta, hauek amore eman beharrean, proiektua bere kabuz aurrera eramatea erabaki dute. Hala, Guillermo Pereak, Zazpigarren Alaba auzo elkartearen izenean, azaldu duenez, «orain arte itxita egon den bidea zabaltzea» da ekimen honen helburua. «Nahiz eta Lakuako Gobernutik diru laguntzarik jasoko ez dugun, Helduen Hezkuntza Iraunkorra euskaraz egiteko aukera eskainiko dugu».

Aranbizkarra auzoko Amaia zentroan izango dira eskolak, astelehen eta asteazken arratsaldeetan. Lakuak dirurik ez duenez eman, irakasleek ez dute soldatarik jasoko, hau da, lan boluntarioa egingo dute. Lehendabiziko esperientzia aitzindari honetan, bi izango dira ikasgai nagusiak. Osasuna eta historia bezalako ikasgai zabalak izango dira aurtengoak eta, horien gainean, hainbat alderdi jorratuko dituzte ikasleek. Ekimenaren emaitzak urtean zehar jasoko dituzte antolatzaileek, eta balantzea egin ondoren, datorren ikasturterako berriro eskatuko diote laguntza Lakuako Gobernuari. «HHIko eskoletan euskara baztertzen ari da eta ez dago eskubiderik», uste du Guillermo Pereak.

kolektibo eta elkarte anitzen babesa jaso du ekimenak

Helduen Hezkuntza Iraunkorra euskaraz eman dadin, Lakuako Gobernuari «irtenbide» bat bilatu dezala eskatzen diote. Gasteizen abiatu duten ekimen aitzindariak hezkuntza arloko zein beste esparruetan lan egiten duten elkarteen babesa jaso du. Orotara, berrogeita hamar baino gehiagok atxikimendua eman dute.

Hauek dira, besteak beste, bat egin duten elkarteak: Euskharan, EHBE, EHE, Ikasle Abertzaleak, Irakasle Eskola, AEK, Sortzen Ikasbatuaz, Denon Eskola, Irale, Geu, ELA, LAB, STEE-EILAS, CGT, CNT, ESK, Bilgune Feminista, Aran Emakumeen Taldea eta Gasteizko Bertso Eskola. Judimendikoak, Barrenkale, Zabalgana Batuz, Bizigarri, Zazpigarren Alaba, Betiko Gasteiz, Gasteiz Txiki, Errota Zaharra, Erreka Txiki, Salburua Bizirik, Uribe Nogales eta Olarizukoak auzo elkarteak.

Koldo Mitxelena, Aranbizkarra, Aranzabela, Odon de Aprain, Lopez de Gereñu, Samaniego eta Abetxuko ikastetxeek ere bat egin dute ekimenarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo